Prentsa ohar baten bidez proiektu horri buruzko azalpenak eman ditu udalak. Halxe dio hitzez-hitz:
Hilabeteak dira proiektu hau martxan jartzeko asmoz lanean hasi ginela
eta beharrezkoa iruditzen zaigu momentu honetan proiektua zertan den jakinaraztea.
Hasteko, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatu genion, pista konpontzeko,
mendi lanen proiektuaren barruan. 2013ko otsailean, Nafarroako Gobernuak
Baztango proiektua diru-laguntzarik gabe utzi zuela jakinarazi zigun. Handik 2
hilabetera, diru-laguntza horien zati bat emanen zigutela erran ziguten. Orain,
ez dakigu inolako laguntzarik izanen dugun edo ez; hortaz egoera hori lan guztiak
baldintzatzen ari da.
Bertzalde, Batzar Nagusiak eta Udalak baratze horiek erabiltzeko
ordenantzak onartu berri dituzte, eta ekainean izena emateko epea zabalduko da.
Baratzeak, ordenantzetan zehaztutako irizpideen arabera banatuko dira.
Eguraldiak uzten digunean eremu guztia garbitu eta prestatzen hasiko gara,
baina momentuz, eguraldia ere ez da gehiegi laguntzen ari.
Hala bada, gure nahia proiektu hau ahal bezain laster martxan jartzea
da, baina bidean hainbat problema izaten ari gara. Bertzalde, orain arte interesa
erakutsi dutenei gutun bat bidaliko zaie guztiei afera horien eta egoeraren
berri emateko.