PLAZARA DANTZARAK ERASOAK SALATU DITU

Prentsa ohar baten bidez atzo Baztandarren Biltzarraren besta egunean gertatutako erasoak eta irainak salatu ditu. Hauxe dio hitzez-hitz:

Plazara Dantzara taldeak Baztandarren Biltzarra egunean izandako gertaerak salatu nahi ditu: 
-Lehenik eta behin salatu nahi dugu Baztandarren Biltzarra egunean Mutildantza diskriminatzailea antolatu izana. Plazan Mutildantza parekidea dantzatzen ari zen bitartean herritar talde batek Mutildantza diskriminatzailea antolatu zuen Ziga plazan eta  hori burutzen saiatu zen. Hortik Mendi ostatu ondora joan ziren dantzatzera. 
-Emakumeen kontrako diskriminazioa gelditzeko asmoarekin emakume talde bat dantzara sartu zen. Honen ondorioz, gizon talde honek ez zuen bere ekintza diskriminatzailea burutzea lortu. 
-Momentu horretan gizonezko batzuk oldartu ziren eta emakumeak iraintzen eta mehatxatzen hasi ziren. Irain sexistak eta xenofoboak entzun ziren. Zeudenen artean,  emakume bati zuzenean “Te metería una hostia” erran zion bi aldiz eta honek buelta eman zuenean, beldurtuta eta bere burua arriskuan ikusten zuen bitartean “Te metería una estaca por el culo” entzun zen. 

-Plazara Dantzarak gogor salatu nahi ditu gertaera hauek eta argi utzi nahi du, mehatxu guztien gainetik,  lanean segituko duela plaza eta herri parekideak lortu arte. Horrelako jarrera diskriminatzaile eta faxistak ez ditugu onartuko herri honetan. Baztango eremu publiko guztietan egongo gara emakumeen eskubideak bermatzen eta eraso sexista guztiak salatzen. Argi utzi nahi dugu hemendik aitzin epaitegietara joko dugula salaketa guztiekin.