UHOLDEEI BURUZKO PRENTSA AGERRALDIA EGIN DU BAZTANGO UDALAK

Gaur, uztailaren 4an Baztanen izan diren uholdeek ikaragarrizko kalteak eragin dituzte, handienak Elizondon eta Erratzun. Elizondon Jaime Urrutia, Txokoto eta Giltxaurdi karriketako eraikinetan, Udala, Arizkunenea, Futbol zelaia, igerilekua, Zahar etxea, Osasun zentroa ia-ia erabilezin gelditu dira.
Erratzun zenbait baserri inkomunikaturik gelditu dira, zenbait pista desagertu dira, azienda hila ere badago... Nahiz eta kasu batzuetan larri ibili garen, zorionez ez da kalte pertsonalik izan.
Sortutako kalteak direla eta, herritarrei honako hau jakinarazi nahi diegu:
1.- Bihar goizean, larunbata, uztailak 5, goizeko 9:00etatik 14:00etarat Baztango Udaletxeko bulegoak irekiak izanen dira kaltetuei beraien kezkak eta eman beharreko pausoak zeinek diren azaltzeko. Izan dituzten kalteen zerrenda ekartzeko deia egiten diegu. Seguruari parte emateko Kontsortzioko telefonoa 902 222 665 da. Poliza zenbakia eman beharko zaie 
2.- Bihar, goizeko 9:00etan herritar guztiak auzolanerat deitzen ditugu kalte gehien jasan dituzten herrietan garbiketa lanak egiteko: Erratzu eta Elizondoko plazan goizeko 9:00etan. Daukanak ekar dezala beharrezkoa dena: pala, aitzurra, isatsa, karretilla...
3.- Astelehenean eguerdiko 14:00etan Baztango Udalak Ezohiko Osoko bilkura eginen du, Baztan hondamendi eremua izendatzeko eskaria eginez.
4.- Astelehenetik goiti Elizondoko Osasun Zentroko kontsulta zerbitzua ez da martxan egonen larrialdiak eta pediatriako kontsultak bakarrik artatuko dira. Emakumeen zentroa erabilezin egonen da, momentuz Burlatarat bideratuko dira. Herritarrek edozein zalantza baldin badute Osasun zentrorat deitu. Arizkun, Oronoz, Irurita eta Erratzuko kontsultek berdin jarraituko dute.
Gaur perito bat etorri da balorazio orokor bat egiteko, eta astelehenetik goiti etorriko omen dira bertzeak. Astelehen artio parte gehiago ez dituztela hartzen ahal erran baitigute.
Baztango Udalak eskerrak eman nahi dizkie gaur bertaratu eta lagundu diguten guztiei, eta dei egiten diegu kaltetuak izan ez diren herritarrak laguntzerat etor daitezen.