Bart atsean Jo ala Jok antolatutako sagardo dastaketa ikastaroa egin zen Elizondoko Aise elkartean. Juan Zubiarran eta Domingo Arina enologoek eta Jakoba Rekondo nekazal ingieniariak Baztango sagardogileek eramandako sagardoen ezagaurrien berri harat hurbildutakoen aitzinean eman zuten. Sagardoaren kolorea, usaina, dastamena - eztitasun edo samintasuna- horiek guztiak eta gehiago aztertu zituzten eta bereziki ezaugarri horien gibelean dauden prozesu kimikoak: dela airearen presentziarengatik, kupelengatik, herdoilarengatik, erabilitako sagar motengatik… Aipagarria da Baztango sagardo ekoizleen sagardoarekin mahai-luzea bete zutela eta hor Arizkungo Gontxeako, Salaberriko eta Gamioxarreako, Erratzuko Idoborroko, Lekarozko Larraldeako, Berroko Larratxeako… eta Berroetako Kikoren, Etxalarko Landaren, Lekarozko Obregozo eta Iturengo Bereauren sagardoak dastatu ahal izan zirena.
Sagardo dastaketa ikastaroa urtero Jo ala Jo elkarteak antolatzen duen Kirikoketa bestaren arrimuan egin zen, zeina, heldu den azaroaren 1ean Arizkunen eginen baiten. Iaz Kirikoketa egunean berean, baztango sagardogileek atzoko enologo eta adituekin dastaketa-saioa inprobisatu zuten. Iazkoa ikusirik honetakoan, lasaiago eta horretarako espreski egindako hitzorduan egin nahiago izan dute. Dastaketa bere honetako gasna eta piper mokauekin lagundu zuten eta, ondotik, afal-otordu ederrea egin.
Azkeneko hamarraldietan Baztanen sagardo eta piterraren egitea ia desagertu bada ere, oraino horretan aritzen denik bada eta azkeneko urteetan aspaldikoa den produkzioa bizkortzen ari da eta sagardoak duen estimua ere bai. Sagardogintzak Baztango eta Bidasoaldeko ekonomikoa historikoan garrantzia handia izan du. Gure inguruaren baldintza bioklimatiko eta geografikoetarat ederki moldatutako produkzioa baita. Horrek gure paisajetik gaurgero desagertu hurren diren sagardiek denbora batean ikaragarriko hedapena izan zutela erran nahi du eta horren lekuko oraino bizirik den toponomia da.