DONBASSEN BRIGADA ANTIFAXISTAN EGONDAKO BAZTANDARRAREN KRONIKA


Novorrosia, izen berria eta aunitzentzat ezezaguna izan arren, Ukraina herrialdearen ekialdean aurkitzen da Errusiarekin muga eginez.
Ukrainako egoera politikoa zeharo ozpindu da aurtengo otsailean Kieven, bertako hiriburuan hasi ziren protestak aprobetxatuz,  ultraeskuindar alderdiek (svovoda,pravi sector…) emandako estatu golpearen ondoren. Errusiar izaera orori (kultura, hizkuntza…) gorrotoa dioten faxistek boterea hartu bezain pronto,ekialdeko biztanleriaren kontrako eraso bortitza abiatu dute, bertakoak baitira errusiar hiztunak eta kultura errusiarra dutenak. Etengabeak dira Ukrainako Guardia Nazionala eta oligarka aberatsek finantziatutako izaera nazia duten paramilitarrek egiten dituzten erailketa basatiak. Eguneroko ogia bihurtu dira eskola, ospitale eta merkatuen kontrako bonbardaketak; aunitzetan debekatutako armamentua erabiltzen dutelarik jendarte zibilaren kontra (errazimoko bonbak kasu).
Faxista hauei aurre egiteko ,Novorrosiako (Ukraina ekialdea) biztanleriak armak hartu behar izan ditu. Ez dira hauek izan gerra abiatu dutenak; gerra gainera etorri zaie eta arma bidez erresistitzea bertzerik ez zaie gelditu. Gaur egun, miliziano antifaxista hauek ikaragarrizko moral zein indarrez, militarki aunitzez indartsuagoa den Ukrainiar armada gibelera bota dute Novorrosiako zonalde askotatik.
Milizia hauei gure elkartasuna adierazi eta jendarte zibila zein egoeratan aurkitzen den eta bide batez hauei  laguntza humanitarioa helarazteko, Banda Bassotti talde italiarrak antolatutako brigada antifaxistarekin bat eginez, Luhansk eta Donetsk hirietara joateko intentzioarekin abiatu ginen iraila bukaeran. Lehenengo geldialdia Moskun egin genuen bertako areto batean Banda Bassotti taldeak kontzertu bat eskaini zuelarik. Ondoko egunean autobusa hartu eta Novorrosiarantz abiatu ginen karabana osatzen genuen brigadista guztiak (italiarrak, gaztelarrak, greziarrak, asturiarrak, andaluziarrak eta euskal herritarrak). Bidean gindoazela pasatzen ginen eskualdeetako herritarrek ongi etorria egiten ziguten musikari, opari eta guzti.
Mila bat kilometro autobusez egin eta gero Errusiako Donetsk herrira ailegatu ginen zuzenean Novorrosiako Luhansk herrira sartuko ginelakoan. Herri horretako jeneral bat eta ordezkari polítiko bat gure bila etorri ziren arren, Minskeko su-eten akordioaren ondotik mugak nazioarteko begiraleen zaintzapean zeuden eta dokumentazio arazo batzuk tarteko ezin izan genuen muga gurutzatu.
Novorrosiako ordezkariak muga gurutzatzeko izan genituen arazoen jakitun gugana hurbildu ziren Errusiako Donetsk herrira eta beraien herriak bizi duen hondamen egoerari buruz luze eta zabal solasteko aukera izan genuen.
Argi utzi ziguten gure herrian hain edatua dagoen informazioa gezurra dela, beraiek ez direla errusiazaleak. Beraiek Ukrainarrak sentitzen direla baina Ukrainia nazi baten alde ez daudenez armak hartu eta Novorrosia independente bat aldarrikatu dutela. Beraien borroka askapen borroka bat dela, Europa eta Estatu Batuek babestutako faxismoaren aurkako askapen borroka. Porochenko buru duten eta jendarte zibila heriotzaz zigortzen duen ultraeskuindarren kontrako erresistentzia borroka alegia.
Novorrosiak aitzinera begira izan dezakeen proiektuari buruz galdetuta, oraingoz gerra irabaztea bertze nahirik ez dutela adierazi ziguten. Ezin dutela proiektu horretan pentsatu lehentasuna faxismoa akabatzea denean. Lehenego irabazi eta gero hitz egingo dutela etorkizunari buruz.
Herritarrek jasaten duten egoerari buruz berriz, arras gogorra dela argi utzi ziguten. Negua hurbiltzen ari den honetan herri aunitzetan urik nahiz elektrizitaterik gabe aurkitzen direla erran ziguten eta gainera, etengabeko bonbardaketen ondorioz eraikin gehienak egoera tamalgarrian daudela. Banda Bassotti kantuan eta janaria eta edaria lagun genituela agur erran eta berriz Moskuko bidea hartzeko ordua heldu zitzaigun.
Hori egin aitzinetik ordea, euskal herritar gisa beraien borrokan laguntza eskaintzeko zer egin genezakeen galdetu genien. Informazioa zabaltzeko eskatu ziguten. Han gertatzen ari den basakeriak lau haizetara zabaltzeko. Blokeo informatiboarekin hausteko. Adibide gisa, gu han geundela 400 gorpu inguru zeuden hilobi komun bat harrapatu zuten, organoak falta zituzten gorpu askorekin. Nonbait edo norbaitek argitaratu al du berri hau? 1936an Espainian bizitako gerra zibilaren antzeko zerbait gertatzen ari da momentu honetan Ukrainan. Talde neonaziak Europar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuen babespean herri oso bat suntsitzen ari dira. Bidegabekeria hauen aitzinean ixilik gelditzen bagara eta bertze aldera begiratzen badugu, hein batean faxismo horren konplize izanen gara.
DONBASS IZANEN DA FAXISMOAREN HILOBI!!!
EZ DIRA PASAKO!!!