PATXI URRUTIA ETA JUAN JOXE PETRIKORENA BAZTANDARRAK URTARRILEAN EPAITUKO DITUZTE



Batasuna, ANV eta EHAKren jardueraren kontrako auziaren baitan Patxi Urrutia amaiurtarra eta Juan Joxe Petrikorena elizondarra bertze hamaika euskal herritarrekin batera urtarrilean Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaituko dituzte. Patxi Urrutia eta Juan Joxe Petrikorena Batasunaren mahai-nazionalaren kontrako Segurako polizia operazioan atxilotu eta kartzeleratu zituzten. Espetxean kontu ondotik, behin-behinean, epaiketaren zain libre atera ziren.
Urtarrilean hasiko diren epaiketak salatzeko larunbatean Donostian prentsa agerraldia egin zuten. Patxi Urrutia eta Karmele Aierbe, harat hurbildutakoen izenean epaiketa politikoa dela salatu zuten eta ilegalizazioaren garairik gogorrenean konponbidearen aldeko apostu eta borroka egin zutelako epaituko dituztela erran.
Auzipetuek indarrean diren salbuespen politikak eta makroepaiketak gainditzeko eragile desberdinen artean indarrak bildu eta konpromiso argiak hartu behar direla adierazi zuten.
Ondoko asteetan Baztanen auzipetuen aldeko elkartasuna erakusteko eta auzipetze politikoak salatzeko dinamika abiatuko dute.