RUPER ORDORIKA, MAIXUAREN SOILTASUNEZ ELIZONDON

Ruper Ordorikak ahairerik hunkigarrienekin atzoko atsalde hotz eta euritsua gerizpe samurrean bihurtu zuen. Arizkuneneako sabaia kopetaraino bete zuten jendeak lehendabiziko akordearekin harrapatu eta melodia barnerakoi eta eztiekin ohartu gabe etorri zen akaberaino kulunkatu zituen. Bere azken diskoetako kantuetako kantoietan garizumako haizea lagun bizipen kolektiboak kantu-kontaketa pertsonalean xaloki, solas biluziz, hustuz. Bakarrik oholtzaren gainean, Ruper Ordorika, aspaldikoa; kitarra lagun, poesia bidaide zahar eta noranahi doala berarekin bizia hartzen duten ahaire hauskorrak. Urrunetik, barrunbeetatik datorrela dirudien sentitzeko eta sentiarazteko kantugintza zaharra baina guztiz berria, Urtsuako hegiak ezagutzen dituena eta Martin Larraldez oroitzen dena. Deserrian dabilen adiskidea, edertasunaren bila joanik, edertasunaren bilaketak ihesean bidali zuena. Bere belaunaldia, gure herriaren giltzadura, oroitzeko bertzerik balio ez duen iragana badoala badoan ibilia. Jendez mukuru zegoen Arizkunenea, baina bete, Ordorikak zuen bete, zituen bete. Bere soiltasunarekin, maixuaren soiltasunarekin. Oroitzeko, balioko duen kontzertu xarmagarria.