BERTIZ PATZUERGOA DESEGIN DA BAZKIDEEK HALA ERABAKIA

Atzo egindako prentsaurreko baten bidez hauxe adierazi dute:
1992n sortua Bide Berdea kudeatzeko, orduz geroztik Bertiz Partzuergoak behin baino gehiagotan izan ditu bere bideragarritasuna kinka larrian jarri duten arazoak. Arazo horien ondorioz, 2006an eskualdeko udal nagusietako batzuk (Lesaka, Bera, Sunbilla, Doneztebe, eta Elgorriaga) erakundetik atera ziren. Halaber, eskualde osoko merkatari elkarteak eta bertze hainbat pribatu aldendu ziren. Gainera, denboran zehar, Nafarroako Gobernutik funtzionamendurako eta bertze diru-laguntzak murrizten joan ziren. Beraz, Bertiz Turismo Partzuergoak bere sorreratik garatutako lanak bezain ezagunak dira izandako gabeziak eta arazoak.
Horregatik, legealdi hasieran Partzuergoan gauden zenbait udalen partetik bultzatu genuen eskualde mailako tresna eraginkorra eta egonkorra izateko Partzuergoak burutu behar zuen berrantolaketaren inguruko hausnarketa. Hausnarketa horretan Partzuergotik kanpo zeuden udalek ere parte hartu zuten. Hausnarketa prozesu horren amaieran, ez zen posiblea izan Partzuergotik kanpo zeuden udal guztiak berriz sartzea ezta pribatuen bazkidetzak handitzea. Ez zen posiblea izan ezta ere erakundearen funtzionamendu eta finantza kudeaketa berrantolatzea.
Hala ere, udalok Bertiz Turismo Partzuergoak ekonomia, estrategia, antolaketa eta funtzionamendu mailetan dituen gabeziei aurre egiteko lanean segitu genuen, bertzeak bertze, hainbat barne aldaketa proposamen,
eskualdeko turismoaren eta garapenerako antolaketarako proposamen eta bertzelako ekimenak aurkeztuz, Partzuergoaren baitan arrakasta eskasarekin.
Horretaz gain, toki erakunde kontsiderazio duen arren, sarri askotan Bertiz Turismo Partzuergoak ez ditu bere estatutuak bete izan, ez eta kontratazio zein hizkuntza irizpideei dagozkien kontuetan udalok behartzen gaituen araudia ere ez.


Egun, Partzuergoan biltzen dira eskualdeko 21 udaletatik 13. Ez dago eskualdeko merkatari elkarte bat bera ere ez, apenas 3 ostatu dira kide, 2 artisau agroalimentario , eta soilik alojamenduen heren bat inguru da kide.
Abenduak 16an Batzar Orokorra burutu zuen Partzuergoak. Horretan 2015ari begira aurkeztu ziren aurrekontuek, aurreko urteetako arazo berdinak izateaz gain (argitasun falta proiektuen aurrekontuetan, Bide Berdearen mantenimendurako partida oso eskasa, promoziorako partida eskasa, aurreikuspen irrealak, e.a.), langile kanporaketa eta lan-baldintzen prekarizazioa proposatu ziren.
Egoera hau guztia ikusita, argi dago Bertiz Partzuergoak gabezia eta arazo horiek guztiak gainditu gabe ezin diela erantzun udaletatik eskatzen den turismoaren lanketa beharrei. Horregatik, proposatu zen erakundeari amaiera ordenatu bat emateko estatutuen arabera Ez-Ohiko Batzarra deitzea, disolbatzea bozkatzeko eta likidazio batzorde bat eratzeko. Babestu genuen proposamen hau atzera
bota zen. Udalok adierazi genuen ez genuela halako baldintzetan jarraituko.Abenduak 23rako Partzuergoko Presidentetzak bertze batzar bat deitu zuen, eta azken momentuan berriz ere atzera botatako proposamen hura gai-zerrendari erantsi zion. Batzar horretan aho batez onartu zen Ez-Ohiko Batzar hori deitzea disoluzioa bozkatzeko. Batzar hau gaur astelehenean, hilak 29an, goizeko 10etan izan da, eta hor bazkide guztiek – pribatuek zein publikoek – hartu dute erabakia.
Udalok eskualde mailan jarduera turistikoa sustatzeko dugun konpromiso irmoa berresten dugu, betiere tokiko garapenaren perspektiba integral batetik. Aldi berean, eskualde mailan estrategikoak diren proiektuak garatzen jarraitzeko baliabideak bermatuko ditugu. Zentzu horretan, dagoeneko ari gara lanean eskualde mailako bertze egituretan, non pribatuek ere parte hartzeko aukera duten. Modu berean, guztion artean adostu daitezkeen bertze funtzionamoldeetan parte hartzeko prest gaude.