Baztango EH Bilduk legealdia baloratzeko eta ondoko herri-programa herritarrekin zirriborratzen hasteko eginahalean jarraitzen du. Modu horretan, gaur atsaldean tokiko garapenari buruz aritzeko bilera irekia antolatu du.
Azkeneko urteetan bizi dugun izaera anitzeko krisiaren aitzinean komunitate bakoitzeko jendeen gaitasun eta ahalmenean oinarrituriko bertze gisako garapen eta bizi-ereduen beharra gero eta agerikoagoa bihurtzen ari da. Horrek guztiak tokiko garapenaren ikuspegian formetako bat hartzen du. Bertako herritarrak eta beraien antolaketak bertako baliabideen zentzuzko erabileraren arduradun egitea, tokiko biztanleen garapen ekonomiko, sozial eta kultural bidezko eta iraunkorra bulkatuz. Azken helburua jendeen beharrak asetzea da, horregatik, jendeen beharrak jarduera ekonomikoaren erdian egon behar dute. Ikuspegi horretatik orain artio Baztango herri-lurrak, nekazaritza, eraikuntza, merkataritza, turismoa, zerbitzuak, administrazio publikoa, hezkuntza-eskaintza... eta garapen egitura eta erakundeak berpentsatzea beharrezkoa da. Gogoeta horri elikadura eta energia burujabetzaren ikuspegiak gehitu behar zaizkio, zaintzen ekonomia, zerbitzu publiko duinak, etxeen zahar berritzea, bailararen ezaugarrietarat egokitutako lehengaien eraldaketa eta bertze gisako industria e.a. Ildo horretan azken urteetan egin denaren berri emateaz gain, etorkizunera begira zer egin daitekeen, horri buruz ere eztabaidatuko da. Hori bai, garbi izanik, enplegu eta ekonomia politikak Nafarroako Gobernuarenak eta Estatuakoak direla eta orain artio erreforma eta murrizketa basatiekin akitu behar dela, hau da, herritarrei lana eta segurtasuna bermatzeko aldaketa estruktural sakonak behar direla eta horiek ez direla udal mailan ematen.
Bilera irekia gaur atsaldean eginen da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 19:30tatik 21:30tarat eta bertarat, Baztan sozialki justu, herritar eta demokratiko batekin konprometiturik dauden guztiak gonbidaturik daude.
Baztan hobetzen (h)ari gara!