BAZTANGO UDALAK AROZTEGIAKO PELOTAZOA ONARTZEKO NAFARROAKO GOBERNUAREN XANTAIA SALATU DU


(GARAtik euskaratua, 2015-01-12)

Baztango alkateak Garbiñe Elizegik Florentino Goñi eta Maite Iturre zinegotziekin joan den ortziralean Nafarroako parlamentuan egindako agerraldian, Lurralde Antolaketako zuzendariak Jose Antonio Marcenek udalari Lekarozko 252 etxebitza, hotela eta golf belagia onartuarazteko Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia geldituz xantaia egin diola salatu zuen. Halaber udalaren erranetan hirigintza “pelotazoa” dena berriz sustatzeko Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektoriala modu iruzurtian erabili nahi duela jakinarazi zuten eta horregatik, aipatu udalez gaindiko planaren kontrako neurriak hartuko dituztela.
Baztango ordezkariek agerraldia EH Bilduko eta Ezkerrako parlamentarien babesarekin egin zuten eta bertan, Garbiñe Elizegi alkateak erran zuen gobernuak Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia onartzeko (bailarako hiri-ereduaren oinarrizko lerroak zehazten dituen plana) baldintza gisa Lekarozko 252 luxuzko etxebizitzak baimentzea ezarri ziela. Ildo horretan udal ordezkariek oroitarazi zuten Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategiak bailarako udalbatzarraren gehiengoaren babesa duela. Baita planaren teknikariena eta prozesu parte hartzailean parte hartu dutenena ere.
Bertzalde, Garbiñe Elizegik udalak Aroztegiako jauregi zaharraren birgaitzearen kontra deus ez duela erran zuen, ezta golf belagiaren kontra ere. Kontrakotasuna egin nahi duten etxeketari buruzkoa delaa, luxuzko etxeen eremua Lekaroz baino handiagoa litzatekeelako. Ildo horretan planaren alde turistikoa aitzinerat ateratzeko udala promotoreekin harremanean paratu zela jakinarazi zuen.
Gainerakoan gobernuak udalaren borondatearen gainetik pasatzeko onartu nahi duen udalez gaindiko plan sektorialari buruz iruzurra dela erran zuen. Proiektuak udalerri bakar bat ukitzeaz gain ez baitu derrigorrekozko parte hartze prozesua bete. Hortaz, helburu bakarra Nafarroako Auzitegi Nagusiak gelditutako proiektua kosta ahal kosta udalaren gainetik egitea da. Azkenik, Nafarroako Gobernuak ohar ofizialetan proietuan egin  nahi den etxeketari buruzko informazioak ixiltzen duela salatu zuen.