Aste honetan Lekarozko Campusean GeiserPharma enpresak plazaratutako berriaren inguruan Baztango Udal Gobernuak herritarrei gai honen inguruko informazioa helarazi du prentsa agerraldi baten bidez:
2014ko abuztuan GeiserPharmak eta Sodenak (Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa), Baztango Udalari jakinarazi zioten Lekarozko Campus enpresarialean medikamentuak fabrikatzen dituen planta bat jarri nahi zutela.
Planteamendua aztertu ondoren Baztango Udal Gobernuak proiektuarekin adostasuna erakutsi zuen Baztanerako jarduera ekonomiko egokia dela ikusten duelakoz eta lanpostu berrien sorrera egonkorra suposatzen duelakoz (30 lanpostu inguru aurreikusten dira enpresaren arabera).
Geroztik Baztango Udal Gobernua, enpresa eta Nafarroako Gobernuko enpresa publiko ezberdinekin
elkarlanean aritu da, proiektu honi lehentasuna emanez, aitzinera atera ahal izateko. Lan honen guztiaren ondorioz, aste honetan enpresari hasierako obren baimena eman zaio eta otsailaren bukaera aldean eraikinaren obrekin hastea aurreikusten da.
Akitzeko, aipatu nahi dugu espedientea ohikoa baino korapilatsuagoa izan dela Lekarozko Campusa bere garaian Nafarroako Gobernuak UGPS(Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala) bezala tramitatu zuelakoz. Hala ere, denon esfortzuari esker proiektua martxan jarri ahal izan da. Uste dugu berri ona dela baztandar guztiondako eta Udal Gobernu honek lanean jarraituko du Baztanen ingurugiroa errespetatzen duen garapen integral eta egonkor bat bultzatzearen alde.