HASSANNA SAHARARRRARI ELKARTASUNA ADIERAZI ZIOTEN ELKARRETARATZE BATEKIN

Hassana Aalia, Euskal Herrian bizi den Saharar iheslariari Espainiak  asilo politikoa ukatu diola salatzeko, 40 bat pertsonak Elizondoko plazan elkarretaratzea burutu zuten.
Hassana Marokok militarki okupaturiko Mendebaldeko Saharako Aaiún hiriburuan sortu zen 1988an. Gaztetatik bere herriak sufritzen zuen zapalkuntza eta errepresioaz jabeturik, giza eskubideen defentsan militatzeari ekin zion. Horren ondorioz, hainbat aldiz atxilotua eta torturatua izan zen Marokoako poliziaren eskutik. Azken aldiz, 2011n Saharar jendarteak jasaten zuen egoera penagarria salatzeko protesta bezala eraiki zuten Gdeim Izik kanpamentuaren bortizki ustearen harira atxilotu zuten, berriz tortura latzak salatu zituelarik.
2012an Euskal Herrira etorri zen ikasketa beka bat zela medio eta bertan zegoela bera atxilotzeko agindua emana zegoela jakin zuen. Orduan Espainiar estatuan asilo politikoa eskatu zuen.
2013an Gdeim Izik kanpamentuan atxilotutako ekintzaileen kontrako epaiketa egin zen Rabateko epaitegi militarrean eta Hassana nahiz eta ez zen epaiketa hartan izan, biziarteko kartzelara zigortua izan zen bertze hainbat Sahararrekin batera.
3 urtez asilo politikoa emango ote zioten zain egon ondotik ezezkoa jaso du eta Espainiar herrialdea bi asteren buruan uzteko agindua eman diote.
Ekintzaile saharar honen kasua salatzeko eta orohar saharar herriak bizi duen muturreko egoera salatzeko Euskal Herrian egiten ari diren mobilizazioen harira deitu zuen elkarretaratzea Baztango Askapenak.
Bide batez, Saharaztan elkarteak Otsailaren 27rako (Saharar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenaren urteurrena) antolatua duen elkartasun egunean parte hartzeko deia ere egin zuen. Arratsaldeko 7etan donezteben egitekoa den elkarretaratzean eta ondotik Zubietan eginen den hitzaldi eta afarian parte hartzekoa, alegia.