MAITANE MARITORENA:«BORROKAN JARRAITUKO DUGU BAZTANDARREN ETA HERRI HONEN HIZKUNTZA ESKUBIDE GUZIAK ERRESPETATUZ»

Baztango udaleko euskera zinegotziari elkarrizketa egin diote GARA egunkariko GAUR8 gehigarrian, eta bertan udalak euskararekiko zian duen jarrera azaltzeaz gai, euskara planari Nafarroako Gobernuak egin dion helegitea salatzen du:


Euskararen aldeko politikan pausoak emanez, Baztango Udalak herritar guztien hizkuntza eskubideak errespeta daitezen lanean jarraituko duela baieztatu du Maitane Maritorena Euskara zuzendariak. Eta Nafarroako Gobernuari oroitarazi dio beraiek direla zerbitzu gehienak espainol hutsean eskaintzen dituztenak, herritarron hizkuntza eskubideak urratuz.

Euskara zuen lan hizkuntza da departamentu guztietan? Baztango Udalean euskara da eguneroko eta berezko hizkuntza, bai lanean eta baita herritarrekin dugun hartu-emanean ere. 2011n udaletxean sartu ginelarik Baztango Euskararen Ordenantza martxan paratu genuen, plantilla organikoan hizkuntza eskakizuna txertatu genuen, eta hartu ditugun langile guztiak euskaldun elebidunak dira. Udal langileei administrazio hizkuntzan trebatzeko saioak eman genizkien, alfabetatzeko beharra zuten langileei lanorduetan alfabetatzeko aukera eskaini genien... Horrek guztiak zerbitzu guztiak euskaraz izateko aukera eman digu. Udala ere euskaraz bizitzeko gune izatea lortu dugu. 


Zein da Euskara Planaren funtsa eta helburua? Euskara plana 2014an onartu genuen, baina hori baino lehen, 2011n Baztango Euskararen Ordenantza betetzen hasi ginen Udaleko zerbitzu guztietan euskara ziurtatuz, udalerrian euskararen erabilera sustatuz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz, Baztango berezko hizkuntza sendotuz... Ordenantza hauek marko orokor bati erantzuten diote; Euskara Planean, berriz, helburuak zehatzagoak dira, ekintza zuzenak nolabait errateko. Bete beharreko ekintza bakoitzak data jakin bat du planean, arduradun bat, hartzaile jakin bat... Euskararen Ordenantza etxea izanen
litzateke nolabait errateko, babesa eskaintzen diguna, eta teilatupe horretan plangintza bat egin dugu hizkuntza politika planifikatuz, epeak markatuz, konpromiso zehatzak hartuz... Helburua euskara normalizatzea da, neurri eraginkorrak hartuz herritar guztien hizkuntza eskubideak betetzea; Udala bera eredugarri izatea nahi dugu, bai herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidean, bai administrazioan ere. 

Bide berean doa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko konpromisoa? Baztanen biztanleen %70 baino gehiago euskalduna da, beraz, Ueman sartzeko lehen irizpidea betetzen genuen. Uemakokide izateak tokiko administrazioak euskaraz jarduteko eta gizarte arlo orotan udalerri euskalduna izateko bidean laguntza, elkarlana, babesa eta indar handiagoa jasotzea dakar. Euskaraz bizitzea ahalbidetzen duten udalerriak euskararen arnasguneak dira eta horiek hala irauteko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausarta egin behar dute. Udalerri horietako bat izan nahi zuen Baztanek. Justu urrats ausartak ematean etortzen dira espainiar edo nafar Gobernuaren injerentziak.

Nola hartu duzue Euskara Planari jarritako helegitea? Guk 2014ko abuztuaren 28ko Osoko Bilkuran onartu genuen Euskara Normalizatzeko Plana eta Nafarroako Gobernuak azaroaren 26an eskatu zigun plana igortzeko. Eskaera ailegatu zitzaigularik susmo txarra hartu genuen, pentsatzen baikenuen Nafarroako Gobernuak ez zuela euskararen aldeko plana eskatu izanen eredu gisa hartzeko (kar-kar). Susmo hori 2015eko urtarrilaren 13an bete zen.

Zer eginen duzue aurrerantzean? Baztango Udalak argi adierazi du abiatutako bidearekin jarraitzeko duen asmoa. Horretarako behar diren baliabide guztiak erabiliko ditugu, euskara normalizatzeko beharrezkoak diren neurri politikoak hartuz eta, bidenabar, eraso hauek salatuz.