BELTZEAN MINTZO DOKUMENTALA AURKEZTUKO DUTE IRUÑEAN
Data:
Lortu esteka
Facebook
Twitter
Pinterest
Helbide elektronikoa
Beste aplikazio batzuetan
“Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz” dokumentala Iruñean aurkeztuko da, Nafarroa Oinezekin elkarlanean. Garabide elkarteak egindako dokumentala ekainaren 24an, asteazkenean, eskainiko da Iruñean, Kaldereria kaleko udal aretoan, 19:00etan.
Euskararen eta Ameriketako jatorrizko hainbat hizkuntzaren egoera oinarri hartuta, komunitate bakoitzaren errealitateaz, batzuek besteenganako begiradaz eta elkarren berri izanda hizkuntzen garapenerako ikas daitekeenaz mintzo zaigun produkzioa da.
Hainbat galdera planteatzen dira; zer ari da gertatzen Ameriketako jatorrizko hizkuntzekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako hiztunek? Lagun al dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskuratzeko prozesuan?
Hamalau pertsonaren eskutik, Ameriketako zazpi hizkuntza komunitateren egoera plazaratzen du dokumentalak; kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukaterenak hain zuzen.
Dokumentala eman eta gero, Andoni Barreña eta Ander Bolivarrek solasaldia gidatuko dute.
Otsailaren 24an estreinatu eta Euskal Herriko hamalau herritan aurkeztu ondotik, Nafarroan emanen da lehen aldiz, Nafarroa Oinez eta honen baitan dagoen Txikiak Handi proiektuarekin batera antolatuta. Sarrera doakoa izanen da.