BIZIKLETA KONPONTZEKO IKASTAROA ABIAN DA


Larunbatean Baztango udalak antolatutako bizikletak konpontzeko ikastaroa hasi zen. Lehendabizikio hitzorduan bizikletaren zatiak euskaraz nola erraten diren ikasi zuten: balaztak, azkoinak, hagunak, ardatzak, aldagailuak... Bertzalde, zulatutako zirrikak petatxuekin konpontzen ikasi zuten eta ganbera eta zirrika­azala aldatzen ere bai. Modu berean aldagailuari buruz eta transmisio sistemari buruz aritu ziren; horrela, pinioi kaseta eta platerak nola erregulatzen diren, zirga nola aldatzen den, hautsitako katea nola konpondu e.a. ikasi zuten.

Ikastaroko irakaslea Aitor Txarterina da Iruñeko Bigarren eskua tailerrekoa. Aipatu zuenez, bizikleta konpontzen jakitea bezain garrantzitsua bizikleta zaintzen jakitea da eta, horretarako, tarteka marteka bizikletaren osagai desberdinei kasu egin behar zaiela. Bigarren hitzordua azaroaren 28an eginen dute eta saio horretan balazta eta erramintei buruz ariko dira. Halaber, erabiltzaile bakoitzarendako bizikleta egokiena nola hautatu ikasiko dute. 

Bizikleta konpontzeko ikastaroa aurtengo ikasturtean Baztango udala bailarako bertze eragileekin egiten ari den ekimenen artean bertze bat da. Buruilean Elizondoko karriketan bizikleta ibilaldi jendetsua egin zen eta mugikortasun iraunkorrari buruzko mintzaldia ere bai. Gainera asteazkenak eskolarat autorik gabe joateko egun bezala izendatu eta Elizondoko eskolek horren araberako lanketa egiten dute. Bertzalde, ikastetxeen laguntzarekin ikastetxeetako bidean diren puntu beltzak identifikatu eta horiek zuzentzeko moldaketak egiteko asmoa dago.