ELIKADURAREN BURUJABETZA BRASILEN


Joan den ortzegunean aukera ederra izan zen Brasilgo Movimento Sem Terra eta Via Campesinaren lana ezagutzeko, Beatriz Casado Hegoa institutuko kidea eta Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearen eskutik. Munduko emakumeen mundu martxako antolatzaileek Berdintasun batzordearekin batean antolatu zuten, aurtengo martxaren leloari jarraikiz: elikadura burujabetza.

Bi hizlarien artean Brasilen egoera azaldu zuten. Batetik lurraldearen ezaugarriak agertuz Brasilen egoeran zehaztu zuten eta bertzetik bertan mugimendu sozialen garrantzia eta hoien eragina garatu zuten.

Brasil arras herrialde haundia da eta desberdintasun haundiekin: lur eremu haundiak aberats guttien artean banatuak. Produkzio haundikoa baina gehiena esportaziorako. Agronegozioa deitzen duten sistemak botere politiko, ekonomiko eta elikaduraren boterea bere esku ditu. Landa eremuan bizi direnak berriz, oinarrizko eskubiderik gabe bizi dira: osasun zerbitzurik gabe, hezkuntzarako aukerik gabe eta dudarik ez, lurrarik gabe.

Politika egoeraz ere aritu zen eta azkeneko 10 urteetan boterean izan den PT alderdiak eredu neo-desarrollista garatu duela aipatu zuten, agroesportazioarekin jarraituz, baina politika sozial konpensatoriarekin. Hor aipatu zuten adibidez erosketa publikoa. Batetik herri bakoitzeko udalak kudeatzen duen egitasmoa dago: bertako ekoizleen kooperatibei erosten die produktuak eskoletarako, hospitaletarako... zerbitzu publiko guzietarako. Bertzetik PNAE izeneko egitasmoa, lege izaera duena eta eskoletarako elikaduraren %30a bertako produktuetan oinarritu behar dela erraten duena.

Burujabetzaren aldeko borroka emakumeen eskutik hasi zela azaldu zuten, hasieran garrantzia eman ez bazioten ere, gaur egun oinarria dena. Burujabetzaren aldeko borroka horiek aliantzekin indartu dira. Adibide gisa bertako nekazariak eta fabriketako langileen arteko aliantza aipatu zuten. Langileen eskubide gisa landu dute zenbait tokietan elikadura osasuntsua izatearen eskubidea eta lantokietan bertako produktuen azokak antolatu, bertako produktuekin jangelak...

Burujabetzaren aldeko borroka hortan Movimento das Mulheres Camponesasen garrantzia azpimarratu zuten. Hauek lortu zuten emakumeen presentzia eta parte hartzea haunditzea eta hauek hasi ziren elikadura burujabetzaren aldeko borroka indartzen. Lorpen haundiak izan ziren ekintza zuzenak erabiliz, ahalduntze ekonomikorako kooperatibak antolatuz, mugimendu feministekin aliantzak eginez eta agroekologia eta feminismoari buruzko formakuntzak antolatuz.

Akitzeko etengabeko formakuntzaren garrantzia aipatu zuten. Deus ez duen jendeak akanpamentuetan antolatzen dira gero lur bat okupatzeko. Akanpamendu horietan urteak pasatzen dituzte eta bertan dena formakuntzarako balio duela diote: kolektibitatea da hezitzailerik hoberena Hortik sortu zuen MST mugimenduak Florestan Fernandes eskola.  Horren berri emanez akitu zuten solasaldia.