1975. urtean sortutako bi lagunen komeriak kontatzen ditu. Haur zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten. 90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aitzin egitea lortu zuten. Jogurt poteak hari batekin lotuak lagunekin solas egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira. 40 urte bete berri duten bi pertsonaiak krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira?
Adarretatik zintzilik komedia da, laugarren paretarik gabeko komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa. Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar izan dute batzuek.