"AROZTEGIA ETA GERO ZER?" PLATAFORMAK ARIKETA DEMOKRATIKOA PROPOSATU DU

Gaur egindako prentsaurrekoan, plataformak halaxe adierazi du: 

Azkenengo hilabetean Nafarroako Gobernuak UGPS/PSISa onartuz eta alde bakarreko erabakia hartuz Aroztegiako proiektua inposizioaren bitartez aitzinerat atera nahi izan du. Honen aitzinean, "Aroztegia...eta gero zer?" Plataformak hurrengo adierazpen eta proposamenak egiten ditu:

"Aroztegia...eta gero zer?"  plataformak, bere sorreratik, Aroztegiaren proiektu urbanistikoaren izaera espekulatzailea salatu eta garapen eredu honen inguruko eztabaida bultzatu nahi izan du. Horretaz gain, proiektu honek, Lekarozi, Baztani eta landa eremuari orokorrean ekarriko lizkiokeen kalteak ere nabarmendu ditu behin eta berriz. Espekulazioan eta bezerokerian oinarritutako eredua delakoz, eta agortuta dagoen ustelkeriaz kutsatutako eredua delakoz aurka agertu gara.

Erabakiak non, nork eta nola hartzen diren, bultzatzen den garapen eredu honekin ere bat dator. Lekarozko herriak, Nafarroako Gobernuko zenbait teknikarik, epaitegiek, herri eragile, Baztango Batzar Nagusiak, eta bertze hainbat ahots, proiektu honen aurka agertu arren, Geroa Baik UPNk bezalaxe UGPS/PSISaren erabilera guztiz antidemokratikoa eta bihurria eginez, kapitalaren interesei men egitea erabaki du. Argi utzi nahi dugu UGPS/PSIS hau onartzea erabaki politikoa izan dela eta posible zein ezinbertzekoa dela erabaki honetan atzera egitea. Argi utzi nahi dugu, baita ere, ez dugula horrelako inposaketarik onartuko, datorren tokitik datorrela.

Bereziki larria iruditzen zaigu herritarren parte hartzea bermatuko duela ozenki iragarri duen “aldaketaren” Gobernu batek erabakiak modu honetan hartzea. Mariano Rajoyk Catalunyako herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan duen diskurtso berdina erabiltzen ari dira Geroa Baiko ordezkariak lekaroztarron eta baztandarron erabakitzeko eskubidearen inguruan. Beraz, Gobernuaren parte diren edota babesten ari diren alderdi guztiek hausnarketarako tartea hartu beharko luketela uste dugu.

Gauzak horrela, "Aroztegia...eta gero zer?" plataformak inposaketaren aitzinean ariketa demokratiko batekin erantzutea proposatzen du. Hurrengo bi asteetan aldaketaren gobernua babesten duten taldeekin, zein tokiko administrazioko erakunde ezberdinekin bilerak proposatuko ditugu Aroztegiaren inguruan inposaketaren bitartez erabaki beharrean, Baztan mailako herri galdeketa lotesle baten bitartez erabakitzea. Gure ustez, alde guztietako adostasunarekin eginen den Baztan mailako herri galdeketa lotesle bat egitea da momentu honetan irtenbide bakarra. "Aroztegia...eta gero zer?"  plataforma ere prest dago herri galdeketa loteslea aitzinerat eramateko kondizioak, epeak, eta galderak adosteko mahai batean parte hartzea. Aldi berean, aldarrikapen hau aitzinerat ateratzeko, hurrengo asteetan herri zein herrialde mailako kanpaina bat martxan paratuko dugu. Eginen diren deialdietan parte hartzera animatzen ditugu benetako aldaketaren alde lan egiten ari diren herritar zein eragile guztiak!

UGPS/PSIS­ik EZ! HERRI GALDEKETA ORAIN!


Aroztegia...eta gero zer?