Heldu den astean EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEA izanen da bigarren urtez Baztanen. Horren harira, elkarrizketa egin diegu antolatzaileei:
Zergatik Euskal Nobela Beltzaren Astea?
Idazleekin solasean ekimeneko partaideak gara eta ohartu gara
literaturaz gain gai sozialek ere pizten dutela gure interesa. Idazle batek
erran zuen bezala, sozioliteratura
egiten dugu. Iruditzen zaigu Nobela Beltzak salaketa soziala egiteko baliatzen
ahal direla, eta gure bi asmoak biltzen dituela: literaturarekin gozatu eta
bertze gai sozial batzuk jorratu, gai beltzak.
Bigarren urtea da, horrek erran nahi du iazko
esperientzia positiboa izan zela?
Bai, arras. Joan
den urtean gozatzeaz gain, zenbait gauza ikasi genituen, zalantza berriak
sortu, interesa piztu. Ekitaldi desberdinak antolatu genituen eta horrek ere
lagundu zuen. Gauza berriak deskubritu genituen (Mariano Izetaren nobela
beltza, euskaraz idatzitako nobela beltz andana, Baztan literaturan…);
sormenarendako tartea izan genuen (Baztango kontu beltzak kontatu genituen
adibidez) eta Nobela beltzen ezaugarrietan sakondu genuen (mahai inguruan
gehienbat). Horren guziaren balorazio positiboak lagundu gintuen aurten ere
hemen egoten.
Eta jendearen harrerak lagundu du hortan?
Bai, doike.
Batetik, gonbidatu genituenen erantzuna arras ona izan zen eta joan den urtean
etorri ziren guziekin harreman ona egin genuen. Bertzetik, parte hartzaileen erantzuna ere ona izan zen, eta horrek guziak giroan eta aitzin segitzeko
asmoan aunitz lagundu du. Sare sozialetan eta literatur munduan ere ohartu gara
erreferentzialtasuna hartzen ari dela, eta hori inportantea da.
Ze ekarpen iruditzen zaizue egiten duela
(H)ilbeltzak?
Arestian erran
bezala, iaz honetan hasi ginelarik ohartu ginen Mariano Izeta dugula euskal
nobela beltzaren sortzaileetako bat (1962.urtean idatzi zuen Dirua galgarri eleberri beltz gisa
definitu izan dute), eta geroztik euskaraz
idatzi diren nobela beltz anitz Baztanen girotu direla. Baztani begira
ez ezik, Euskal Herri osorat begiratzeko nobela beltzen leihoa irekitzea dugu
helburu, Euskal Herrian euskaraz egiten den gisa honetako ekimen bakarra
baitugu.
Nobela beltzen
zaleak eta idazleak harremanetan paratzeko eta elkarren berri izateko gune
apropos eta gozoa dela uste dugu.
Nola planteatzen duzue aurtengoa, iazkoaren hari
beretik?
Joan den urtean
bezala, astea ekitaldiz betetzeko asmoarekin hasi genuen eta ideia berriak biltzen. Idazleekin solasean,mahai ingurua,aurkezpenak, susmagarrien gaua eta
igandeko itzulixka errepikatuko ditugu, baina gai eta leku desberdinetan eginez.
Berrikuntza gisa, zinema eta musikarekin egin ditugun bi ekitaldiak: akabaila
beltzak zineman eta irakurraldi musikatuak. Gauza kuriosoa izanen da Angelita
Loidirekin eginen dugun egonaldia ere. Jose Antonio Loidi nobela beltzaren
lehen euskal idazletzat hartzen dutena da, eta haren arreba bibiroa da Angelita
Loidi.
Web orri bat ere
paratu duzue martxan…
Bai, hori
informazioa biltzeko erabili nahi dugu, (H)ilbeltzak egiten dituen ekarpenak
biltzeko, iritziak biltzeko… Gure asmoa da urtean barna hori elikatzea. 18an
aurkeztuko dugu jende aitzinean, baina gaur gero martxan da: ilbeltza
beltzaz. Horrekin batean
(H)ilbeltza beraren ekitaldien segimendua egiteko bloga erabiliko dugu: ilbeltza