Gaur Oreretan antolatuak ziren VII Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak modu deszentralizatuan egin behar izan dira eta horietako bat Elizondon egin da. Arizkunenean Nafarroako mendialdeko 25 emakume elkartu dira "Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean" lelopean, harreman kolonialen inguruan eztabaidatzeko.
Mahai inguru batekin hasi dute goiza: "Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu". Iratxe Retolazak euskal genealogia (anti)arrazista egin du, euskalduntasuna eta kulturaren erresistentziak kokatuz. Pastora Filigranek herri ijituaren historiatik, espainiar pentsamendu koloniala azaldu du: "etsai bera dugu, eta horrek ekartzen digu elkar entzutea eta elkarrekin aritzeko bidea". Ana Murcia migranteen bizipen eta komunitateen suntsipenaz aritu da: "ezin da deskolonizatu despatrialkalizatu gabe". Eta Amaia Zufiak berriz emakume* euskaldun antiarrazisten agenda feministarako bortz gako eman ditu: 1. Zaintza lanen sozializazioaren aldeko borroka. 2. Euskara erdigunera ekartzeko akordioak eta praktikak. 3. Migrazio politikak, muga eta botere korporatibnoaren aurkako borroka. 4. Espetxe politika salatzen segitu, preso politikoen etxeratzeaz gain, justiziaren arrazakeria estrukturala. 5. Herritartasun ereduaz hausnartu.
Hori akitu eta gero, otsaila aldera eginen diren tailerren berri eman dute eta pausa ttiki baten ondotik mahai inguruan solastutakoari buruz hausnartu dute taldean, zenbait esperientziam ezinegon eta proposamen mahai gainean paratuz. "Gaur irudikatu moduan, euskalgintza, antiarrazakeria, klase borroka eta feminismoa batera doaz".