Ohar baten bidez Aroztegia eta gero zer? plataformak, Iruñean alderdi politikoekin egin duen bilera errondaren berri eman du. Bertan aurketu zuen proposamen demokratikoarekin berri gogoratzen du: Aroztegiari buruzko herri galdeketa loteslea egitea. Halaxe dio hitzez-hitz:
Aroztegia…eta gero zer? Plataformak duela sei aste Aroztegiako UGPSa
inposatzeko Geroa Bairen gobernuak hartutako erabakiari erantzuteko proposamen
demokratiko bat aurkeztu zuen. Proposamen horretan aldaketaren gobernua
babesten duten taldeekin, zein tokiko administrazioko erakunde ezberdinekin
bilerak proposatuko zituela iragarri zuen. Aroztegiari buruz inposaketaren
bitartez erabaki beharrean, Baztan mailako herri galdeketa lotesle baten
bitartez erabakitzea aurkezteko helburuarekin.
UGPSa gelditzea Nafarroako Gobernuaren eskumena den heinean, bilera
erronda gobernu hau babesten duten taldeekin abiatzea erabaki zen. EHBildu,
Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek Plataformaren
proposamenaren aitzinean adostasuna erakutsi zuten arren, Geroa Baik jarrera
hertsia eta zakarra erakutsi zuen. Alde batetik, UPGSaren erabakiaren izaera
politikoaren ukazioan tematuta jarraitzen zuen. Bertze aldetik Geroa Baiko
ordezkariek, herri galdeketa egiteko mahai batean parte hartzeko prest zeudela
zioten, betiere Plataformak aldez aurretik, publikoki Geroa Baiko Gobernuak
UGPSari buruz erabakirik hartu ez zuela onartzen bazuen. Plataformatik erantzun
zitzaion agian Geroa Bairentzat ohikoa izan zitekeela herritarrekin gezurretan
aritzea baina Plataformak ez zuela horrelakorik eginen.
Tokiko administrazioei dagokienez berriz, joan den otsailaren 25ean
Baztango Geroa Baik Osoko Bilkuran premiazko mozioa sartu zuen. Mozio horretan
Baztango Udala , Aroztegia…eta gero zer? Plataformak Sustrai Erakuntzarekin
batera UGPSaren kontra jarritako helegitearen epaiketan, Gobernuak hartutako
erabakia defenditzea eskatzen zuen. Hau da, Baztango tokiko autonomia defenditu
beharrean , baztandarren erabakitzeko eskubidearen kontra agertzea. Mozio
honek aitzinerat egin zuen Geroa Bai, UPN eta Auzolanean udal taldeen aldeko
bozkekin eta EHBildu eta Baztango Ezkerraren aurkako bozkekin.
Gauzak horrela, nabarmen gelditu da Geroa Baik herritarren nahia
ezagutzeko eta errespetatzeko duen borondate eza. Erakutsi du, erosoago egiten
zaiola kapitalismo neoliberala bulkatzen duten eta epaitegiek zigortutako
enpresari iruzurgileen interesak inposatzea, Baztango gehiengo sozialaren
interesak defenditzea baino. Erakutsi du baita ere, erosoago dagoela
erregimenaren planteamendu eta erabakitzeko modu inposatzaileak errepikatzen,
demokrazia parte hartzailea bulkatzen
baino.
Guzti honengatik, Aroztegia…eta gero zer? Plataformak herritarren
ekimenez abiatuko du herri galdeketa Baztanen. Sinadura bilketa eginen du, bai
Baztango Udalak baita Baztango Batzar Nagusiak ere herri galdeketaren prozedura
martxan jartzeko.
Aldi berean, UGPSa gelditzeko eta herri galdeketa babesteko, APIRILAREN
23an ELIZONDON eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du.
Baztandarrok historian zehar hainbatetan egin behar izan dugun gisara, gure
etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gure herri lurrak defendituko ditugu
oraingoan ere. HERRIA ez da lau urtetan behin hautatzen diren zazpi zinegotzi,
HERRIA, HERRITARROK osatzen dugu eta BAZTANEN HERRIAK AGINTZEN DU!
AROZTEGIAKO UGPS-a GELDITU! HERRIAK DU HITZA,
HERRIAK ERABAKIA!