BIZENTAREN LUMAK SOLAS-JOLASA BATXILERGO IKASLEENDAKO

Martxoaren 17an Lekaroezeko Batxilergoko 2. mailako 62 ikasleek, Bizentaren lumak solas-jolas ekimenean parte hartuko dute. Jolasaren bidez eta euskaraz, gazteen artean berdintasunaren aldeko jarrerak sustatzea da ekimen honen helburu nagusia.

Bizentaren lumak Elhuyar fundazioak sortu duen jolasa da. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaiarekin lotutako gero eta baliabide eta material gehiago eta osatuagoak badaude ere, berariaz gazteek berdintasunaren gainean hausnartzeko helburuarekin sortutako tresnak urriak dira. Bizentaren Lumak solas-jolasak norabide horretan ekarpena egin nahi du, baliabide bezala erabiltzeko aukera zabalduz. Publiko zabala du jomugan, espezializatua eta ez-espezializatua, hau da, baliabide egokia da bai berdintasuneko gai eta edukietan sakondu nahi duten gazteentzat, eta baita berdintasunari buruzko informazio urria duten gazteentzat ere.