"NAFARROA BAKAR BATERANTZ, NOLA?" MAHAI INGURUA BAIGORRIN

Nafarroaren Egunaren harira Basaizea Kultur Batasunak eta Irulegiko Irratiak, mahai inguru bat antolatu dute heldu den apirilaren 1ean Baigorriko Bil Etxea Gelan, “Nafarroa Bakarrerantz, nola?” izenburupean, Baxenabarreko eta Nafarroa Garaiko politikariekin.
Duela kasik 40 urte Baigorrin Nafarroaren Eguna ospatzen hasi zenetik, lehen helburuetarik bat izan da Izpegiko bi aldeetako nafartarrak biltzea, eta mugen gainetik harremanak azkartzea. Zoritxarrez maiz elkartruke puntual eta folklorikoetan gelditu dira harreman horiek. 
Azken denboretan, politika mailan eman diren aldaketek aukera ematen ahal dutela erakusten dute, kulturaz gain, ekonomia eta sozial arloan ere bai.
Apirilaren 1ean, 20:00etan hasita Baigorriko Bil Etxean izanen den mahain-inguruan, galdera horri erantzuten saiatuko dira bertara konbidatu dituzten politikariak: 
  • Beñat Arrabit, Baigorri-Garazi herri elkargoko presidenta eta PNBko kidea,
  • Daniel Olzomendi, Izurako auzapeza, Udalbiltzako Lehendakariorde izana eta EHBai-eko kidea
  • Alice Leizagezahar, Akitania Eskualdeko kontseilaria eta Les Verts-eko kidea.
  • Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko lehendakariordetzako gabineteburua, Geroa Bai-eko kidea.
  • Adolfo Araiz, Nafarroako Parlamentuan EHBildu-ko bozemalea.
  • Eduardo Santos Itoiz, Nafarroako Podemos-Ahal dugu-ko parlamentaria.

Mahain ingurua, bi aldeetako nafartarrak biltzen gaituen hizkuntzan burutuko da eta Irulegiko Irratiko kazetari Jojo Bidart-ek gidatuko du. Itzulpena ziurtatua izanen da.