Prentsa ohar baten bidez halaxe dio Baztango EH Bilduk:
Baztango Geroa Bai bertze behin
gezurretan ari da, baztandarrei
entzuteko beldur:
-Geroa Baik ez du Baztandarren iritzia jakin nahi. Aroztegia inposizioaren bidez egin nahi du lekaroztarrei eta baztandarrei kasurik egin gabe.
-Manu Aierdi Geroa Bairen gobernuko presidenteordea Lekarozerat sustatzaileen eskutik etorri zen, eta ondotik, beren etxean gosaltzera gelditu. Sustatzaileekin egon eta gosaldu bai, baina lekaroztarren eta baztandarren iritzirik ez aditu nahi?
-Oraingo honetan proiektua PSIS bezala tramitatu dute sustatzaileek. PSIS Nafarroako Gobernuaren aitzinean tramitatzen da; sustatzaileei dagokie prozesu parte-hartzailea egitea eta Nafarroako Gobernuari dagokio herritarren parte hartzea egon dela bermatzea. Zergatik Palacio de Aroztegiak ez die lekaroztarrei eta baztandarrei deus galdegin? Zergatik Nafarroako Gobernuak ez dio lekaroztar eta baztandarren parte-hartze hori exigitu enpresari? Noren faboretan ari da Geroa Bai?
-Ekainaren 5eko galdeketa legezkoa da. Geroa Baik, gobernu bezala berari zegokion galdeketarik ez egin eta orain, modu miserablean Batzar Nagusiarena ezbaian paratu nahi du. Batzar Nagusiak baztandarren iritzia kontutan hartzen du, eta hortaz galdeketa hau iritzi hori jasotzeko ariketa demokratikoa da.
-2011ko EHbilduren posizioari buruz bi gauza: Garai horretan ez zegoen EH Bildurik, Bildu baizik. Bertzalde, aktan agertzen den bezala, pleno horretan erran zena zera da: Lekarozek 2009an herri galdeketa egina zuen eta hori zen indarrean zena eta balio zuena. Halere, NaBaik galdeketarik nahi bazuen herritarren sinadurak ekartzeko erran zion orduko alkateak, eta horrela balitz, galdeketa egin eginen zela adierazi ere. Horixe izan zen Bilduk babestu zuena. Aipatu behar da ere orduko NaBaik ez zuela sinadurik ekarri, bertzeak bertze, proiektua legez kontrakoa zela adierazi zutelako epaitegiek.
-Geroa Bai, herritarrei irri egiten ari da. Eredu ekonomiko ustela nahi dute Baztanerako; krak egin duen pelotazoaren kultura berriz nahi dute, Baztan Valentzia bihurtu nahi dute. Eta, hori guztia baztandarrei pentsatzen dutena errateko aukerik eman gabe. Guk, Europako iparralderat begiratu nahi dugu, funtzionatzen duten landa-eremuetarat enplegua, jarduera ekonomiko dibertsifikatua, herritarren ongizatea, hezkuntza, kohesio soziala, iraunkortasuna… lantzen eta bilatzen duten ereduetara.
- Azkenik, EH Bildu arras kezkaturik dago aldaketaren indarra omen den Geroa Baik baztandarrei ariketa demokratiko oinarrizkoena uko egitearekin. Halaber, Geroa Baik Batzar Nagusian erran zituenak Batzar Nagusiari buruz eta bertako kideei buruz alimaleko mespretxua erakusten du. Bozketan ez parte hartu eta gero, gainera, galdeketari buruz susmoa hedatu batzarkideak ia tranpati bezala tratatuz. Protokoloan, ongi dakiten bezala, mahai guztietan begiraleak izendatzeko aukera dute, zergatik ez dute aukera hori aprobetxatzen?