HAURREN KONTRAKO INDARKERIA PATRIARKALA SALATU DU BILGUNE FEMINISTAK

prentsa ohar baten bidez 
Halaxe dio oharrak hitzez hitz:
Anitzetan erran ohi da indarkeria patriarkalak milaka aurpegi eta milaka boz dituela, baina oraingoan ate gibelean altxaturik pasatu eta pasatu ohi diren biolentzia-egoeren inguruan arituko gara: haurren kontrako indarkeria patriarkalaz.

Haurren kontrako bortizkeria patriarkalak baditu dimentsio anitz: eraso fisikoak, psikologikoak, sexu-abusuak,… Indarkeria aldaera desberdin horiek estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei.

Jendarte honetan boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala da. Hori dela eta, hori mantentzeko tresnarik nagusiena bortxa izanen da. Horrenbertzez, indarkeria hori sufritzen dutenak jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren era anitzetako subjektuak izanen dira: emaztekiak eta haurrak bereziki.

Indarkeria sexistak duen dimentsio zabal honen gotorlekua patriarkatuaren oinarria den familia nuklearra da. Horren oinarriak hauek izanik: heterosexuala; maskulinitatearen plazerera eta bizitzara egina. Familia-eredu hori eta horren gertuko sarea bera dira errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku; hortik: trapu zikinak etxean garbituko ditugu. 


Salatzen diren sexu-abusuak kontuan hartuta, hamazazpi urtetik beheitiko lau nesketatik batek jasan ditu noizbait bere bizitzan, eta zazpi mutiletik batek. Sexu-abusua jasan duten haurrek gehienetan bere erasotzailea ezagutzen dute: %70etan hurbileko senidea da. Haurraren hitza ez da kontuan hartzen, ez zaio sinesten. Salaketa gehienak ez dira epaitegietara ailegatzen, eta ailegatzen diren horiek,  gehienak  artxibatu egiten baitira.

Ezin atzendu genitzake haurrek euren amaren kontrako indarkeriaren ondorioak pairatzen dituztela zuzenean, nahiz eta legeak horrela ez jaso. Epaitegietara ailegatzen diren banatze-kasuetan, zaintza partekatuaren legea onartuz geroztik, ikusten ahal da indarkeria sexista egoerak izan diren bikoteen kasuan, adibidez, ez direla kontuan hartzen, eta erasotzaileei bisita-erregimena mantentzen zaiela kasu gehienetan.

Ikusi makusi, zer ikusten da? Erpin anitz dituen poliedroa egoera gordin eta lazgarriez gainezka dagoela. Horren aitzinean, beharrezkoa da gatazka honi irtenbideak ematen hastea. Horretarako, hasteko, egoera horietan sortzen diren isiltasun-hitzarmenak hausten hastea garrantzitsua da. Sufrimenduz betetako bizi-hastapena izan duten subjektu zaurgarriak ikusgarri egin behar ditugu; jendarte-heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu; horiei aitzin egiteko epaitegietako paper zimelduei bide ematea exijitzen diegu agintari politiko eta judizialei; ttipitatik neskekin autodefentsa feminista lantzearen beharrizana mahai-gaineratzen dugu eta indarkeria egoera anitzetatik askatzeko, nahitaezkoa izanen dugu hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko  jardunarekin jarraitzea. 

Erasorik ez, erantzunik gabe!

Karrikan izanen gara aurtengoan ere!
EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA
2016ko azaroan