AUTODEFENTSA FEMINISTA IKASTAROA POSITIBOKI BALORATU DUTE ANTOLATZAILEEK


Feminikasten jardunaldien baitan, Autodefentsa Feminista ikastaroa izan zen joan den larunbatean Arizkunenean. Bertan goiz eta arratsaldez aritu ziren parte hartzaileak, ahalduntzea zuten helburu. Teoria eta praktika tartekatu zuten eta dinamizatzaileak proposatutako ariketen bidez eta esperientziak partekatuz, emakumeen boteretzea eta indar hartzea landu zuten zortzi orduz.

Goizean egindako solas eta ariketak gehien bat inseguritatea sortzen duten egoerei aitzin egiteko bideratuak ziren, beldurrak eta hauen ondorioak eta kalteak ezagutu eta buelta emateko gakoak ikasi zituzten.

Ahalduntzea lantzen segitu zuten arratsaldean, beldurrari aitzin egiten ikasten. Akitzeko berriz, muturreko egoeretan defenditzeko eta babesteko oinarrizko gakoak ikasi zituzten, fisikoarekin zer ikusteko dutenak gehien bat.

Feminikasten jardunaldiaren barnean eraso sexisten inguruko solasaldia izanen da ekainaren 1ean, 19:30ean Arizkunenean.