ETORKIZUNEKO BAZTAN GELDIEZINA







Pasa den astelehenean mitin jendetsua egin zuen EHBilduk Elizondoko plazan. Bertan izan ziren Bakartxo Ruiz eta Joseba Otondo, koalizioaren hauteskunde hauei begirako xede nagusiak erakusten.

Arranbelak, gaurkoan, arreta berezia eskaini dio Joseba Otondok egindako hitzartzeari. Sakon mintzatu zen egungo alkatea eta datozen lau urteetarako EHBilduko hautagai dena, azken zortzi urtetan egindakoari erreparatuz eta etorkizuneko proiektua lau ardatz nagusitan aletuz.

Hainbatetan mitinak egun batetik bestera ahazten diren solasaldiekin osatzen badira ere, ez da hau kasua, Joseba Otondok maisuki marrazten asmatu baitzuen etorkizuneko Baztan eraikitzeko kolore nagusiak zeintzuk diren.

Horregatik ekarri ditugu gurera bere erran nagusiak, hitzartzearen laburpen gisa:

“Gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugun momentu historiko batean sartzen ari gara. Horrek ez du esan nahi nahita nahi ez makurragoa izango denik, afera da daukaguna zuzen banatu beharko dugula denok ongi bizitzeko, neurriz bizitzeko eta modu horretan herri proiektu duin, justu eta zentzuzko bat aitzinerat eramateko. Hori da EHBilduk Baztanen egin nahi duena eta horrekin konprometituta gaude.

Zortzi urte egin ditugu alkatetzan lanean; alimaleko zorrarekin hartu genuen, bederatzi milioikoa; gaur den egunean lau milioiz azpikoa dugu, kudeaketa ona egin dugu baina hori ez da gure proiektuaren erakusgarri eta nortasun bakarra. Zortzi urte hauetan eztabaida gai berriak ekarri ditugu Baztanerat eta agenda orokorrean zabaldu ditugu eta gaurko egunean gero eta gehiago elikadura burujabetzaz mintzo gara, tokiko elikadura sistemaz, energia berriztagarriez, hondakinen kudeaketaz, adinekoen zaintzaz, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz; beraz, agenda sozial handi bat dugu eta gai horien inguruan planteatzen ditugu eztabaidak aurrera egiteko eta ondoko lau urtetan hauetan sakondu nahi dugu eta jauzi berri bat eman Baztan erreferentziazko landa eremu bat bihurtzeko.

Asmo hau gure programara ekarrita, lau oinetan sakontzen dugu berau: alde batetik etxebizitza, eskubide bat da, mundu guztiari bermatu behar zaiona. Administrazio publikoak hasi beharko du hor eragile izanez, eta beharrezkoa dugu, Baztanen ere, alokairuan emateko etxebizitza parke munizipal bat egiten hastea. Legealdi honetan pausoak ematen hasi gara, baina Nafarroako gobernuan trabatuta geratu dira. Egin dugunari begiratuz:

-Iruritan hasi ginen etxebizitza alokairuan emateko proiektu batekin, proiektu hori berreskuratu eta aitzinerat eramanen dugu.

-Oronoz Mugairen ere aritu ginen beste proiektu batekin, trabatua geratu dena ere. Hor ere jarraituko dugu, kasu honetan bazterketa arriskuan diren herritarrei etxe bat eskaintzeko proiektua landuko dugu.

-Bestalde, 888 etxe ditugu Baztanen hutsik, Baztango etxeen %22ยช. Pentsaezina da hainbeste etxe huts izanda, eraikitzen jarraitzea. Beharrezkoa baldin bada eraikiko dugu, baina zentzudunena da lehendabizi hutsik dugun horretan eragitea eta horretarako tresnak behar ditugu.

-Hiri jarduketa plan berezi bat bultzatu dugu, dagoeneko nafar gobernuarekin hitzartua, herri kaskoetako etxe huts horiek bizi arazten hasteko.

Bigarren oina, adinekoen zaintza: Baztanen populazioaren %23ak 65 urte baino gehiago ditu, eta %8ak, 90 urte baino gehiago. Gizartea zahartzen ari da, bereziki landa eremuetan; beraz, adinekoen zaintzak garrantzia berezia hartuko du eta ezkerreko jendeok horri buruz pentsatu beharko dugu, nola zainduko ditugun adineko jendea eta nola zainduko ditugun jendeak zaintzen dituztenak ere bai. Arlo honetan hartzen ditugun konpromisoak:

-Zahar etxearen erreforma: arkitektonikoki gibeleraturik geratu da eta erreforma behar du eta horrek inbertsio ekonomiko handia suposatuko du, baina gure adinekoak zaindu behar baditugu hori erronka bat izanen dugu. Aurrekoarekin ez da izanen aski eta beraz, adinekoak zaintzeko plan berezi bat idazten ari gara.

Tokiko ekonomia: gai honetan bada gezur handi bat aipatzen da etengabe eta guk erraten duguna da liberalismo ekonomikoarekin, merkatu handia egin nahi izate horrekin, gure sektore produktibo guztiak kaskaildu dituztela eta erreka zokorat igorri dituztela eta, guzti horren ondorioz, hemengo nekazaritza, industria ttipia edo betiko sektore produktiboek errekara jo dutela. Egoera honen aurrean, esaten duguna da erreforma estrukturalak eman beharko direla, merkatuak agindu behar badu, bizi guzian eta herri guztietan, ez goaz inora.

Hementxe nafar gobernuko norbaitek baimendu zuelarik Caparroson lau mila buruko behitegia egiten ahal zela, orduan erabaki zuen Baztanen ez zela behi sektorerik izanen; eta norbaitek erabaki zuelarik Donezteben dagoen Juansenean ez zela gehiago ikerkuntzarik eginen mendialderako, horrekin erabaki zuen mendialde bazterturik utzi nahi zela. Beraz, lehendabizi kontuak eskatu nahi ditugu eta jarraian lanean jarri.

Ekonomia birtokiratu behar da, Iparraldean erraten den moduan, gure beharretarako beharrezkoak ditugun produktuak eta zerbitzuak tokiko mahaian produzitzen eta eskaintzen hasi. Horrek esan nahi du tokiko elikadura sistemak, nekazaritzak, balio berri bat hartuko duela. Horrekin loturik, energia trantsizio guzia antolatu beharra dago energia burujabetzari buruz, mugikortasun eredu berria bulkatu, horren guztiaren araberako lurraldearen antolamendu berri bat egin; horrekin bat, guzi horren emaitza den paisaia baliatuz,  turismo iraunkor bat, gu garenarekin bateragarria dena; tokiko merkataritza, herriak biziarazteko garrantzitsua dena eta egunerokoan jendea bertan atxikitzen duena. Garapen arloak hamaika dira, tokitik hasten da eta norberak zer erran handia du eta gu denoi galdera egiten digu, zer nahi dugun eta zer konpromiso hartzera prest gauden. Egiten ari garen urratsak:

-Arras Baztan fundazioa sortu dugu, bailarako autonomo guztiak antolatuz, 100 eragile ekonomiko inguru.

Aipatu dugun hori guztia, zeharkakotasun batekin landu nahi dugu, emazteki eta gizonkien arteko berdintasuna aldiro bulkatuz alderdi eta arlo desberdinetan, euskaratik eta euskaraz, eta herritar guztien parte hartzearekin; parte hartzea prozesu hauetan, parte hartzea erabaki guneetan, eta nola ez, proiektu handiak heldu direlarik, herritarrek horien gainean erabakiz aldiro.

Programa sinplea da gurea, hemengo errealitateari erantzuten diona perspektiba urruneko batekin etorkizunari begira. Eta horretarako zer behar dugu? Jendea antolatzea, egunero konprometiturik egotea, bakoitza bere tokian, kontzientzia kritikoarekin eta zerbait emateko borondatearekin. Eta hori EHBildu da Baztanen eta gure lana da orain, hemendik eta 26 bitartean, lanean segitzea bazter guztietan, jendearekin solas egitea bozka kutxak EHBilduren bozka paperez betetzeko, Baztan bat herritarrena eraikitzen segitzeko, justizia sozialean eraikitako Baztan bat eta Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko.