Ertzetako biolentziak euskal gatazk(et)an


etxerat bilaketarekin bat datozen irudiak



Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlariak orain arte ikusezin izandako emakumeei eman nahi izan die ahotsa "Ertzetako biolentziak euskal gatazk(et)an" deituriko bere ikerlanean eta horretarako bederatzi elkarrizketa sakon egin ditu. Ikerlanaren izenburuak zehazten du zertaz hausnartu duen: 80-90 hamarkadetan senide eta lagunak gatazkaren erdigunean izan zituzten andreen memoriaren eta praktika erresistenteen bilketa feminista. Honetaz guztiak idatzi du Argia astekarian Ane Labaka Mayoz kazetariak.  
“Ikerlanaren hasieran dioenez, guztiak ez dira gatazkaren alde berean kokatu eta honek aberastu egin du ikerketa. Errefuxiatu baten arreba, sasian dagoen iheslari baten ama, espetxeratu batena, kartzelatik atera berri den baten bikotekidea edo ETAk hildako baten laguna izateak esperientzia mota ezberdinak eman dizkio bakoitzari, baina hala ere, emakume izateak eta, ondorioz, gatazka “periferiatik” bizi izanak, hainbat aldagai komun ere eman die.
Galardiren arabera, emakumeen presentzia eskasa da bizikidetza foroetan eta gatazkaren ondorioei heltzeko jardunaldietan. Gainera, euskal gatazkaren subjektu feministen inguruan hainbat ikerketa burutu diren arren, orain artean, emakumeak izan arren ere, soilik lehen lerroko protagonistei eman zaie ahotsa eta ez da egin euskal gatazka transbertsalki genero ikuspegitik lantzen duen proposamenik.
Ikerketaren helburu nagusia, beraz, gatazkaren konponbide prozesuan egiten ari den bizikidetza ariketetan eta memoria kolektiboaren bilketan orain arte bigarren lerroan egon diren andreen kontaketak jaso eta beraiek izandako parte-hartze soziopolitikoa ezagutaraztea da. Orain artekoaren berrikuspena proposatu nahi du ikerlariak, biktima izaeraz harago andre hauek subjektu politiko gisa ikusaraziz, etorkizunean memoria kolektiboaren irakurketa osatuagoa egiteko oinarri feministak zeharlerro gisa ezarri daitezen”.
Artikuluaren esteka pasatzen dizuegu interes osokoa delakoan.
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2642/ertzetako-biolentziak-euskal-gatazketan