Magna enpresak
Erdizen harrobia egiteko txostena aurkeztu berri dio Nafarroako Gobernuari. Orain,
hilabeteko epea dago egitasmoaren ingurumen inpaktuaren inguruan iradokizunak
egiteko.
Magnaren bigarren
saiakeraren aurrean gaude, beraz. Aurretik, 2008an, harrobiaren egitasmoa atzera
bota zioten instantzia ezberdinetan, eta ondorioz, harrobia egiteko asmoa alde batera
uzten zuela iragarri zuen.
Baina, berriro
heldu dio egitasmoari, magnesita minerala ustiatu asmoz, urtean 570.000 tona
mineral hain zuzen, 89,07 hektarea izanen lituzkeen harrobian. Erregerenako
Mankomunitatearen, Baztanen eta Eugiren esku dauden eremuan kokaturik legoke
harrobia.
Harrobiaren aurka
mugimendu zabala antolatu zen bere garaian Baztanen, Erdiz Bizirik deitua.
Erdizeko sailak bazkaleku komunak izaten jarrai dezaten defendatzen zuen eta
harrobiak ekarriko lituzkeen kalteak salatu.
Batetik, harrobiak
interes handiko biziguneak hautsiko lituzke. Honek mendiko landaretza berezia
desagerraraziko luke, hala nola harkaitzetan hazten den nartzisoa edo belar
tartea maite duen orkidea. Baita oihana utzi eta, Erdizagako belardietan
bazkatzen ohi den oilagorra. Eta hildako abereen gorpuzkinez elikatzen diren
hegaztiak, horietan ezagunena ugatza. Esku baten atzamarretan zenbatzen ahal
dira Pirinio osoan gelditzen diren ugatz-bikotea. Baina kaltea ez da Erdizagako
alhapidera mugatzen. Artesiagako holtzako Olazar errekara ere zabalduko zen.