Atzoko egunez, Elizondoko plazan elkarretaratze zaratatsua egin zen, "Erreferenduma ez da delitua, askatasuna" lelopean, Kataluniako buruzagi soberanistei Espainiako Auzitegi Gorenak jarritako zigorra salatzeko asmoz. Jarraian, elkarrizketaratzean zabaldu zen mezua pasatzen dizuegu:
Demokraziaren
aurkako eraso larria da gaur Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi duen epaia.
9 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri die, orotara, urriaren 1eko erreferendumarengatik
bidegabeki akusatutako Kataluniako buruzagi sozial eta politiko soberanistei.
Epaia ez ezik,
prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da,
funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin
presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioei
buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera
justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako,
Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete
luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi
demokratiko batean gaude.
Erreferenduma
kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma
tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki
erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferedum bidez erabakitzea eskubide
demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili
nahi dugu.
Izan ere,
etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen
ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik
diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ezin dugula egin:
gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean
ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen
ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta
aurrera, beti, Kataluniarekin.
Zigor epai honekin,
Altsasuko gazteen aurkako sententziaren, errepresioarekin eta 155. artikulua
ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza
asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe
izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan
zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus
politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta
determinazioa dugu.
Injustizia baten
aurka, eta oinarrizko eskubideen alde mobilizatu gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren
aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta
elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde. Mobilizatu gara, eta
mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Datorren larunbatean, urriaren 19an,
manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren
alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde.
Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik.
Eta besarkada estu
bat ere Altsasuko gazteentzat eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi
zaituztegu! Nahikoa da!
Bidegabekeriaren
aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa.
Erreferenduma ez da
delitua.
Defenda dezagun
gure erabakitzeko eskubidea.
Gure esku dago.