Hondakinendako irtenbide jasangarrien bila

Baztan hondakinak bilaketarekin bat datozen irudiak


(Argazkia: Juan Mari Ondikol)

Abuztu akabailan sinaturiko hitzarmenari esker Baztanen urte luzez martxan egon den obra hondakinen Udal zabortegia hertsi eta hondakin hauendako aukera jasangarriagoaren aldeko bidea hartu du Baztango Udalak.

Joan den abuztuaren 29an eten zen behin betikoz Baztanen hainbat urtez zerbitzua eskaini duen obra hondakinen Udal zabortegi edo eskonbreraren aktibitatea. Iruritako Irular parajeko herri lur honek ia 30 urte luzez jaso izan ditu obra hondakinak.

Lehendabiziko 10 urteetan Marmoles de Baztan SA enpresak sorturiko hondakinak isurtzen ziren hemen eta ondotik eta aipatu bezala, joan den abuztu akabaila arte, inguruko obra guztietakoak.

Zabortegi hauek ez dute gaur egungo legedia betetzen eta Udalak azken urteak itxiera planifikatzen eta bailarako obra hondakinendako irtenbide jasangarriagoak bilatzen jardun du.

Pausu berri honekin, ekonomia linealeko eredutik (natur baliabideak ustiatu, erabili eta hondakin bihurtzean lurperatu) EKONOMIA ZIRKULARRERAKO (hondakin izan behar ziren horiek berriz ere produktuetan bihurtu eta ekonomiaren zikloan sartu) urrats berri bat eman du Baztango Udalak.

Udal obra zabortegiaren itxierarekin batera eta hau ordezkatuz obra hondakinendako transferentzi eta 
tratamendu planta bat (kasu honetan pribatua) jarri da martxan Baztango herri lurretan.

Oronoz alderdian Baztango herri lur batean kokaturik dagoen harrobi bateko instalazioak eta aktibitatea probestu eta sinergiak sortuz obra hondakinen transferentzi eta tratamendu planta baten sorrera ahalbidetu da.

Oronozko Askape harrobia ustiatzen duen enpresak duela urte batzuetatik hona ez du harririk ateratzeko baimenik eta beren aktibitatearekin jarraitu ahal izateko Iruñerritik ekartzen dute harria, horretarako kamioiak Baztandik hutsik joan eta harriz beteak itzultzen direlarik.

Instalazio horietan bertan berriki martxan jartzea ahalbidetu zaien aktibitate osagarriari esker, obra hondakinak jaso eta hemen tratatu ezin direnak Iruñera egiten dituzten bidaietan eramaten dituzte (han dauden tratamendu planta ezberdinetara).

Eskonbro garbiarekin aldiz, Askapen bertan dituzten harri matxakadorak probestuz tratatu eta 2. Mailako materiala edo material birziklatua lortzen dute, zikloa itxi eta Baztanen bertan edo inguruetan erabili ahal izateko agregakin birziklatua lortuz.