Larrazken Kulturala dastatzen



Jo ala Jo elkarteak antolatutako Larrazken kulturalaren barnean, bertako sagarren dastatzea egin zuten Gabriel Durrutirekin atzo ilunabarrean, Arizkunen dagoen Gamioxarreko dolarean. Gabriel Durruti Hazparneko nekazal eskolako zuzendari ohia da eta sagarren munduan aditua, Sagartzea elkartearen bulkatzaileetarik bat baita.

Sagar-dastatzearekin hasi aitzinean Durrutik sagarren jatorri historikoari buruz solas zenbait egin zituen, erranez, Errusia hegoaldetik heldu direla sagarrak eta gure inguruan aspaldi laketu zirela. Euskal Herriko barietate zaharren artean, adibidez, burdintxeak daudela aipatu zuen. Dastatzearen tenorean sagarren ezaugarriez mintzatu zen hiru irizpide bereziki nabarmenduz: gozotasuna, gazitasuna eta kirastasuna. Horren arabera sagar batzuk jateko hobeagoak dira eta bertze batzuk zukuak edo sagardoa egiteko e.a.

Sagarrez solastatzean barietatearen arabera sagarrondoek sasoi desberdinean ematen dutela erran zuen, eta horrek, sagarrak ia urte guztiz izateko aukera ematen duela. Altxa sagarrak adibidez, negu osoan baserrietako sabaietan irauten zuten. Euskal kontsumitzaileari buruz, orokorrean sagar gazia maite duela erran zuen.

Gogoratu, bidenabar, Larrazken kulturalaren barnean, gaur, ortzirala, sagar jotzea, tinkatzea eta kupelaratzea izanen dela, 17.00etatik 20.00etara bitarte. Eta bihar, urriaren 19an, larunbatez, mutildantza herrikoiak, txalaparta librea eta kirikoketa jotzea dolareko lanak akitu ondotik, eguerdiko 12.00etatik aurrera, hain zuzen ere.