Jarraian, Hazitik Hozie elkarteak bidalitako kronikaren berri ematen dizuegu:
Aurtengo Landa
Begiradak jardunaldien barnean Klima larrialdiari eta krisi ekosozialari buruz
mintzatu zen Luis Gonzalez Reyes zientzia kimikoetan doktorea, azaroaren 9an
Baztanen egin zen solasaldian. Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko mintzaldien
aretoak gainezka egin zuen, gaiak herritarren artean sortzen duen kezkaren
erakusle argia.
Gonzalezek
indarrean diren hiru krisi aipatu zituen: ekonomikoa, soziala eta ingurumen
aldekoa, hiru krisiak elkarren artean harremanduz. Berrikuntza historiko gisa
ingurumen krisiaren zabalkundea aipatu zuen, aitzineko garaietan inoiz ez
bezala munduko herritar eta lurralde guztiak hartzen baititu eta horrek oraingo
antolakunde sozial eta ekonomikoa kinkan paratzen baitu eta horrekin, bizitza
bera.
Hitzaldi mamitsu
eta sakona eskaini zuen eta bizpahiru gauza nabarmentze aldera, lehenik eta
behin kapitalismoaren etengabeko hazkundearen logika eta lurraren muga
biofisikoak bateraezinak direla aipatu zuen. Sistema kapitalistak funtzionatzeko
aldiro hazi behar du, baina lurra mugatua da, hortaz, horretan segituz gero
jendeak bizi ahal izateko lurreko oinarrizko baldintzak xehatuko dira.
Ildo horretan kapitalismo
industrial eta globalaren emaitza den berotegi efektu gasen isuri hazkorra aipatu
zuen, indarrean den produzitzeko eta
kontsumitzeko sistemak sortzen duena. Modu horretan, mundu mailan gaurgero
zientzialarien artean gaiari buruz dauden adostasunak aipatu zituen eta, 2050
urterako tenperaturaren hazkundea 1,5º ra mugatzea lortzen ez bada, ondotik
etorriko diren belaunaldiendako munduko baldintzak errotik aldatuko direla
jakinarazi zuen.
Bertzalde petrolio
merke eta eskuragarriaren erauzketaren gailurraz mintzatu zen eta horren
gainbehera historiko aldiaz. Aldi berean, sistema industrialarendako
oinarrizkoak diren bertze hainbat mineralen agorpena aipatu zuen eta horrek
gaurgero sortzen dituen nahasmenduak: krisi ekonomikoaren handitzea, gero eta
guttiago diren baliabide horiek eskuratzeko gerrak…
Ingurune beltz
horretan jendeek bizitza justu eta duinak antolatzeko duten aukera tarteaz ere
aritu zen. Aipatutako aldagai guztiek joko zelaiaren markoa ezartzen dutela
erran zuen baina horren barnean nola antolatu, jendeen gain dagoela.
Horregatik, eszenatoki autoritario eta ekofaxistak sortu daitezkeen bezala,
justuak eta neurrizkoak diren antolakunde moduak sortu daitezkeela. Horretarako
bertzeren artean, aberastasuna banatu behar dela aldarrikatu zuen eta askitasun
eta neurrizkotasuna bulkatu behar direla.