Mendialdeko independentzia eguna



Datorren martxoaren 14ean, Leitzan, Mendialdeko Independentzia Eguna ospatuko dute Mendialdeko Ernaiko kideek.

Jarraian, Independentzia Eguna aurkezteko egin zuten irakurketa, bideoa eta kartela aurkezten dizkizuegu, zuen interesekoak direlakoan:

“Amaiurren bildu gara Baztan, Bortziri, Malerreka eta Leitzaldeko gazteak, eta ez da kasualitatea. Amaiur dugu Nafar Erresumaren erresistentziaren ikur, euskaldunon independentzia egarriaren monumentu.

Eta horrexek elkartu gaitu gaur ere hemen hain justu: gure independentzia egarriak, beharrak eta ilusioak. Espainiar eta frantziar estatuek bahitutako herri honetan etengabe lotzen gaituzte kateek, itotzen gaituzte sokek. Baina guk aske izan nahi dugu, eta aske izateko antolatzen gara, borrokatzen dugu.

Euskal Herri aske bat dugu bihotzean, eta indar horrek mugitzen gaitu bidean. Ezinbertzekoa dugu lotzen gaituzten kateekin puskatzea, haustura baita askatuko gaituen bide bakarra. Argi dugu Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko ezinbestekoa zaigula independentzia. Eta bide horretan gazteok indarrez ekinen diogu independentziaren aldarria lau haizetara zabaltzeari. Gazte borrokaz lortuko, bulkada berriak gara, aske izateko!

Horregatik martxoaren 14an Mendialdeko Independentzia eguna antolatu dugu Leitzan, gazteok elkartu, indartu eta independentziaren aldeko gazte dinamika berpiztu eta indartzeko. Egun osoko egitaraua prestatu dugu, gazteok hausnartu, harremandu eta borrokatzeko, baita disfrutatu eta orain arte egindakoa ospatzeko ere.

Goizean hasiko dugu eguna Atekabeltz gaztetxean. Bertan mahai ingurua antolatu dugu Ainhoa Etxaide, Saioa Iraola, Iratxe Delgado eta Aitzol Gil de San Vicenterekin, borroka ezberdinetatik prozesu independentistari egiten zaizkion ekarpenei buruz.

Eguerdian manifestazioa eginen dugu, Mendialdeko gazteok independentzia lelopean, eta ondotik herri bazkarian bilduko gara denak. Arratsaldean kantaldia, elektrotxaranga eta gauean kontzertuak ere izanen ditugu, Gora Etorri, 2Zio, Bastardix eta DJ Bull taldeekin.

Aukera paregabea dugu martxoaren 14ean Leitzan Mendialdeko gazteok elkartu eta independentziaren aldarria hauspotzeko. Beraz gonbidatuak zaudete denak, bertan ikusiko dugu elkar!”.

Gora Euskal Herria askatuta!

In de pen den tzia!