Hamaika Gara iniziatiba erreferendumaren alde




Gure Esku iniziatibak Hamaika Gara deituriko ekimena martxan jarri du, zeinaren bidez sinadura bilketa masiboa egin nahi den gure etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde.

Hauek dira, oraingoz, egitasmoa sustatuko duten eragileak, alfabetikoki: AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.

“Sinetsita gaude erakunde, eragile eta herritarron ardura dela demokrazian sakondu, eta gure etorkizuna erabakitzeko bidean aurrera egitea”, adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, Eskaera Eskubidearen bidez. Argi utzi dute, hori bai: “erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu”.

Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute. Jada zabalik da sinatzeko aukera hamaikagara.eus webgunean, eta laster aukera egongo da paperean ere egiteko, herrietako taldeen bidez. Digitalki zein paperean sinatu, emandako atxikimendua kalean adierazteko aukera egongo da dinamikaren elementu nagusia izango den eskumuturrekoaren bidez. Azaldu dute helburu bikoitza dutela eskumuturrekoek; batetik, kanpaina indartzea sinatzaileek konpromisoa kalean adieraziz eta, bestetik, ekimena finantzatzea. Herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira datozen egunetatik aurrera.