Pasa den Martxoaren
14ean alarma egoera ezarri zenetik, gure zahar etxean egon den gestio eredua
izugarri kaxkarra izan da eta horren ondorioz, momentu honetan, egoera larri
batean gaude.
Hasteko, salatu
behar dugu, langileontzat, berez gogorra eta estresagarria zen lan egoera bat
are gogorragoa bilakatu dela zuzendaritzatik egondako jarrera bortitza eta batere
enpatikoaren ondorioz. Ulertzen dugu, denontzako gogorra izaten ari dela
bizitzen ari garen egoera hau, baina errespetua ezinbertzeko elementu bat da
egoera edozein dela ere.
Momentu honetan,
sei dira zahar etxean bakartuta dauden erabiltzaileak eta bertze bat Iruñera
eraman behar izan dute. Horretaz gain, zenbait langile, positibo eman dutelako edo
sintomak dituztelako, emaitzen zain bakartuak egon dira edo daude eta ez dira
lanera joaten ahal. Egoera larri hau (ziur aski okerrera eginen duena),
lehenago aipatutako gestio eredu kaxkarraren ondorio dela adierazi nahi dugu.
Langileok behin eta berriz prebentzio neurri gehiago eskatu arren, ez zaigu
kasurik egin eta ez da neurri nahikorik hartu.
Honetaz gainera,
kontutan hartu behar dugu zein sektorez solasten ari garen. Zerbitzu minimoetan
egiten dugu lan egunerokotasunean; gobernuek ezartzen dituzten langile ratioak
lotsagarriak direlako. Hala salatzen dugu behin eta berriz, eta egoera berezi honetan
egonik, langileoi gehiago exijitzen zaigu: prebentzio neurriak hartu behar ditugulako,
aitetxi-amatxi batzuk bakarturik daudelako edo familien bisitarik ez
egoteagatik pertsona hauekin denbora gehiago pasatu behar izatea dakarte.
Beraien beharrak egun hauetan aunitzez handiagoak dira eta horretarako langile
kopuru bera gaude. Enpresak zerbitzuak indartu dituela erran arren,
errealitatea ez da hori eta langileok presiopean egin behar dugu lan, zapuztuta
sentitzen gara, behar bezalako arreta eta zainketak eskaintzeko zailtasun
handiak ditugulako.%200a ematera behartuta gaude (egoerak horrela eskatzen
duela ulertuta) baina, zuzendaritzaren aldetik, esfortzu maila bera ikusi gabe.
Gaizki egindakoak,
dagoeneko eta tamalez, gaizki eginda daude eta momentua ailegatuko da noiz
exijituko ditugu exijitu beharreko ardurak, baina momentu honetan kezkatzen
gaituen bakarra erabiltzaileen eta lankideon osasun fisiko eta mentala da. Horregatik
salatu nahi izan dugu egoera guzti hau, baduen larritasun guztia duela ere, ahalik
eta modu egokienean bideratu ahal izateko eta epe motzenean hobera egiteko.