Asier Lizartza: "Bizi izan garen modua birplanteatu behar dugu"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Jatorria animali basetan omen dago, baina saguzarrek ez dute errua. Agintean dauden batzuk akaso …

Gerran gaude?

Ez zait iruditzen hitz aproposena hori denik … Izan ere, birus baten aurka (naturaren aurka) gerra egitea ez dut arras logikoa ikusten, zientzia egitea eta garatzea egokiagoa dela uste dut. Estatuko gobernutik, berriz, hori erakutsi nahi dute, armada mugiarazten, elkarrizketetan militarrak osasun arlokoekin batera paratuz … 

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Uste nuena baino hobekiago moldatu naiz egoera honetara; hala ere, kanpora ateratzea, mendira joatea eta zuzeneko sozializazioa aunitz botatzen ditut faltan!

Inguruko guztiak, familia eta lagunak, ongi daude eta alde horretatik lasai eta kontent, garrantzitsuena hori da eta!

Bertze aldetik, lan kontua dago … momentu honetan maisu lanetan nabil, ordezkapen bat egiten ari naiz eta ez dakit noiz artio luzatuko den. Eta etorkizuna nahiko beltz ikusten dut … baina ezin naiz kexatu!

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Alde batetik, nahiz eta denak berdin kutsatu gaitezkeen, koronabirusak arrisku taldeetakoei gehiago erasotzen die, eta pertsona horiek babestu behar ditugu, denen ardura da eta enpatiarekin jokatu behar dugu.

Bertzetik, haurrak, adinekoak, autonomoak, nekazariak, enpresa txikiak, sosa aldetik juxtu daudenak, langabezian gelditu direnak, saltzaileak, erizain eta medikuak, suhiltzaileak … hor daude, arazoei aitzin egiten eta laguntza gutxirekin.

Eragin haundia eta desberdina. Eta bitartean batzuk, betiko aprobetxategiak, bertzeen lan eta diruarekin ederki bizitzen …

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Emakumeak eta lan esentzial horiek baloratzeko ordua dela, duten inportantzia eman behar zaiela eta gobernuetatik laguntza guztia eskaini behar zaiela.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Egoera zaila egia errateko. Zahar-etxean adibidez kutsatu andana, langileak lanez gainezka, egoiliarrentzat egoera gogorra … Bertako langileei, Benito Mennikoei eta zaintza lanetan daudenei mirespen guztia!

Autonomoen, nekazarien, ostalaritzakoen, komertzio eta enpresa ttikien, langabezian gelditu direnen … egoera ere zaila eta gogorra!

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Auzolanean, ondokoari lagunduz eta orain arte bizi izan garen modua birplanteatuz. Elkartzea tokatuko zaigu, birusaren krisia eta gero bertze krisi bat ailegatuko zaigu, eta denen artean aitzinera atera beharko gara, bata bertzeari lagunduz eta gure eskubideak defendatuz.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko dugu elkar?

Interneta, ongi erabiliz gero, baliabide ezin hobea da eta momentu hauetan erabat lagungarria. Baina … hau dena pasatuta espero dut karriketan elkar topatzea.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Auzolana eta elkarlanarekin batera, bidea.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke? Zergatik?

Egia errateko, eta tamalez, ez dut irakurtzeko ohiturik, baina bere garaian aunitz gustatu zitzaidan eta aunitz erakutsi zidan liburua gomendatuko nizueke: Marina Subirats eta Amparo Tomeren Balones fuera. Reconstruir los espacios desde la coeducación.