Prebarikaziorik ez dago, pelotazoa bai

La exalcaldesa de Baztán (Bildu) se niega a hablar en castellano ...

Aroztegiako azken berria da Garbiñe Elizegi Narbarte eta Joseba Otondo Bikondoa lehengo eta oraingo alkateen kontra Palacio de Aroztegia enpresak prebarikazioagatik paratutako salaketak bertan behera utzi ditu epaileak, auzia artxibatuz.

Baztango EHBilduk oharra plazaratu du auziaren inguruan irakurketa eginez. Jarraian aipatzen dugu irakurketa:  

Bereziki salagarria da Palacio de Aroztegia enpresak proiektuaren kontra agertu diren herritar eta hautetsien aurka abiatu duen eraso judiziala. Denbora tarte laburrean hainbertze herritar eta hautetsik enpresaren salaketa desberdinak jaso zituzten. Enpresaren helburua garbia izan da: proiektuaren aldeko argumenturik gabe eta Baztango herritarren aitzinean eztabaida demokratikoa galdurik, proiektuaren kontrako ahotsak isildu nahi izan ditu. Baina ezin izan dute eta ezinen dute.

Proiektu hau hasieratik zerbait izan bada, antidemokratikoa izan da. Baztandarrei eta lekaroztarrei erabakitzeko aukerarik eman gabe egin nahi izan dute. Baztango erakundeen gainetik pasatu dira, udalaren eta Batzar Nagusiaren ahalmenen gainetik,  Udalez Gaindikoa den Plan Sektorial gisa tramitatuz proiektua. Hautetsien kontra egin dute, eta herritarren kontra ere bai aurkako ahotsak isilarazteko.

Bidean, herri-lurrak bereganatu dituzte eta partikularren nekazaritzako lur on eta emankorrak ere bai. Nagusikeriaz eta harrokeriaz ibili dira, zertarako eta pelotazo urbanistikoa egiteko.

Berriz ere oroitzea beharrezkoa da. Aroztegiakoa pelotazo urbanistikoa da. 40 hektarea lur ez urbanizagarri eskuratu eta horiek denak birkalifikatu eraiki ahal izateko. Lekaroz ondoan 700 pertsonako bertze herria, Baztango hamaseigarren herria. Jauntxo batzuk hala nahi izan dutelako, herritarren erranaren gainetik.

Lekarozen eta Baztanen egin diren herri galdeketetan herritarrak proiektuaren kontra agertu dira. Baina herritarren errana errespetatu beharrean gogor jo dute, ausarki duten dirua baliatuz hainbertze jende auzitegietarat eramateko. Beraiek ohituratuak dauden sosketetarako deus ez dena, baina herritar arruntendako kostu ekonomiko handia duena.

Bertzalde, hainbat auzitan proiektu honek araudia betetzen ez duela ikusi bada ere, enpresak proiektuarekin aitzinat egiteko helburuarekin segitzen duela ohartarazi beharrean gaude. Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindikoa den Plan Sektoriala onartu zuen. Ondotik birzatiketa plana etorri zen eta segidan urbanizazio proiektua. Urbanizazio lanen adjudikazioa baliogatu du kontratu publikoen epaimahiak, eta hotelaren proiektuaren kontra Principe de Vianak txostena egina du, lanen lizentzia baliogabetu duena. Hala ere, aitzinat segitu nahi dute.

Haatik, oraingo osasun eta ekonomia krisian denen errana da eredu sozial eta ekonomikoz aldatu beharra dagoela. Pelotazoan, nekazaritzako lur onen suntsiketan, ondarearen xehakuntzan eta lurraldearen desegituraketan oinarritzen den eredu ekonomiko horrekin krisitik krisira gabiltza. Bada ordua jendeen beharren araberako ekonomia antolatzeko. Bada ordua landa eremuak biziarazteko. Jendeen beharren araberako etxebizitzak, elikagai osasuntsuak eta nekazaritza herrikoia, energia berriztagarriak eta tokiko merkataritza eta zerbitzuak. Jende guztien zaintza, ingurunea errespetatuko duen landa turismoa, gremioak, jendeen beharrekin loturiko produkzio eta zerbitzuak, hondakinen kudeaketa, zerbitzu publikoa indartsuak …  Hori da bidea, eta ez Aroztegiako pelotazoa.

Hogei urte inguru joan dira afera honetan. Herritarrei ez etsitzeko erran nahi diegu. Denen artean landa eremuak biziaraziko ditugu eta horretarako lehen lana Aroztegia geldiaraztea da. Horretan segituko dugu. Epaiketa eta salaketen gainetik”.