"HIRU ILARGI LAURDEN"EN AURKEZPEN ARRAKASTATSUA


Ernesto Prat Urzainkik Hiru ilargi laurden eleberria aurkeztu zuen ortziral gauean gaineraino bete zen Elizondoko gaztetxean. Egurrezko estufaren bero zaharraren arrimuan Ernestok eleberriaren jatorrian egon diren hainbat gairen inguruko gogoeta antzestua egin zuen. Hala, estatuaren jazarpenak eta ihesaldiak ekarritako sasialdiaren bakartasunari eta itolarriari buruz isilik mintzatu zen, joan-etorriak eta egun unagarriak antzestokiko taula soilean biluztuz. Primo Levi aipatuz bizitzako ez ohiko eta muturreko egoerak idazketan hasteko pizgarriak direla oroitarazi zuen. Modu berean, bertze euskal iheslari politikoen bizipenen harira, ihesaldiak eta sasiko bizimoduak orain bezala, lehen ere, herritar aunitz hitzen uberarat eraman dituela  aitortu zuen. Hiru ilargi laurdenen istorio nagusiaren enborrean dauden arkeologiari, Txiapasi, eta zapatistei buruzko irudiak eman bidenabar Silvio Rodriguezen unicornio azulek utopiaren eta ezinezkoaren arteko dialektikaz eta poetikaz kutsatu zuen gaztetxea. Adarbakar baten moduan ilargiari begira, jazartzailearendako aldekoak diren egunei gauaren mozorropean izkin eginez, ilargiarekin solasean kateakatutako deserriko egun hotzak eta astrolagunean hezurmamitutako adiskide eta senideekin izandako elkarrizketa mutu etengabeak, amaigabeak.  Gogoeten, hausnarketen, egoeren, bizipenen kontaketa izan zen Hiru ilargi laurdenen aurkezpena; eleberria eginarazi duten ez ohiko baina aldi berean hain arrunt eta jendetar diren sentipenen emanaldi xamur eta hunkigarria.

HIRU ILARGI LAURDEN
Hiru ilargi Laurden Ernesto Prat Urzainki elizondartutako berriozartarraren lehen eleberria da. Neurri batean, azkeneko urteetan Espainiako estatuak euskal militante iraultzaileen aurka abiaturiko salbuespen eta jazarpen egoera orokorraren emaitza da. Hasteko ihesean eta sasipean bizi izandako bakartasunaren erantzuna delako eta, bertzetik, herriarekin eta bera denarekin loturik jarraitzeko modua ere izan delako. Ez ohikotasun horretan, bere kezka eta interes kultural eta literarioei jarraiki, eta ihesaldiaren haustura traumatikoa gainditzeko borondatearekin, herrian utzitako arkeologia eta aintzinako historiari buruzko haria berhartzen du. Hala, eleberrian, aipatu gaiak Txiapaseko lurretan, garai eta denbora desberdinetan gurutzatzen dira. Horretarako errealitatea bera inspirazio gisa harturik nobela beltzetik edaten duen trama haritzen du, hori bai, umoreri ere tartea eskainiz. Istorio nagusiaren enborrean txertaturik bertze hainbat istorio txertatzen ditu, esperimentaziotik aunitz duen eleberria eginez.
Eleberria Metazirirekin argitaratu du eta, horrela, jatorrizko testuaren zuzenketan, maketazioan, koordinazioan jende aunitzek auzolan eder batean parte hartu du. Muga guztien gainetik kultura herritarra eta sorkuntza konprometitua autogestioaren eta auzolanaren bidez aitzinerat ateraz.