Turismoa: tokiko biztanleei hitza eman beharraz




Baztango EHBilduk antolaturik turismoaren antolaketari buruzko mintzaldia egin zen atzo Elizondoko Arizkunenean. Horretarako Daniel Oltzomendi gonbidatu zuten, Eukal Hirigune elkargoko turismo iraunkorreko arduraduna eta EHBaiko kidea. Oltzomendi Ipar Euskal Herriko esperientziaz mintzatu zen, turismo iraunkorra bultzatzeko turismoa gainerako politika publikoekin gurutzaturik egin behar dela azpimarratuz. 

Horrela, Ipar Euskal Herrian turismoaren antolamenduak lau arlo ukitzen ditu: garraioa, etxebizitza, ingurune naturala eta harrera. Horietan denetan tokiko biztanleak eta lurraldea kontuan hartu behar direla erran zuen, tokiko jendeei hitza emanez eta tokiko jendeen beharretan pentsaturik. Tokiko jendeendako ona dena turistendako ere erabilgarria izanen delako. Adibide bezala Oltzarteko zaldainan gertatzen den masifikazioa saihesteko Mauletik Larrainerat garraio publiko zerbitzua paratu izana aipatu zuen, larraindarrei zerbitzua emateko pentsatuz egina eta turistei ere bai.

Modu berean etxebizitzaren gaiaz mintzatu zen, Ipar Euskal Herrian marra gorria pasatu dela ohartaraziz. Plataformen bidez turismorako alokatzen diren bizitegiak, etxeen kariotzea… hori guztia tokiko biztanleria kanporatzen ari da. Horri buruz Ipar Euskal Herriko 24 udalerri tentsionatutako gune izendatu dute eta, horrela, legezko ahalmenak izanen dituzte neurri zuzentzaile batzuk hartu ahal izateko. Ipar Euskal Herrian 40.000 bigarren bizitegi daude.

Gainerakoan ingurune naturalari buruz erabiltzaileak mendian ibiltzeko kanpainak aipatu zituen, jende aunitzek ez baitute laborantza ezagutzen eta mendian nolanahi ibiltzen baitira zakur laxoekin e.a. Inguruneak aitzinetik antolatu eta planifikatu beharra ere aipatu zuen, betiere tokiko biztanleek hala nahi badute.

Harrerari buruz Euskal Herria bisitariei kontatzeko aukera dela aipatu zuen, eta horretarako baliabideak sortu beharra.

Horren haritik hurbileko turistak bilatu beharraz mintzatu zen, tokiko geografia bat zehaztu beharraz eta horren araberako antolaketaz.

Halaber turisten etorrerak hondarkin gehiago sortzen dituela erran zuen, kutsadura…eta horiek ere tratatu behar direla, gastu horiek denak ezin dituela bertzerik gabe lurraldeak bere gain hartu.

Turismoaren antolaketa Ipar Euskal Herri guztia hartzen duen Hirigune elkargotik egiten dute, eta finantziazioaren zati bat egonaldi tasatik erdiesten dute, turistek lo-tokietan egonaldiarengatik ordaintzen dutena.