Ekotopaketak: ekologismoaren olatua handitzen




Irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean Ekotopaketak burutu dira Portugaleten, Sastraka espazioan. Gorka Laurnagak bertan parte hartu du eta jarraian azaltzen dizuegun irakurketa bidali digu kaleratu dezagun: 

"Mugarri bat izatea helburu zuten ekotopaketek, eta mugarri bat izan dira. Kuantitatiboki gure aurreikuspenak gainditu dira: hasiera batean 300 pertsonaren bueltan ibiltzea helburu zuten ekotopaketek, baina, asteburu honetan Sastrakatik 500dik gora pertsona pasa dira (471 izen emate + izena eman gabe etorritakoak); hitzaldiak beteta eta otorduak ere leporaino (ez genuen harrera gaitasun askoz handiagorik!).

Baina, garrantzitsuena jauzi kualitatiboa izan da: euskal ekologismoan pausu sendo bat izan da. Energia asko zegoen, jendea gogotsu, aniztasun handia eta jendea alai eta indarrez zegoela hautematen zen hitzaldietan eta elkarrizketa informaletan, besarkadetan. XXI. mendekoak diren hitzaldiak izan ditugu, hasi Yayo Herrerotik eta basogintzara, energiaren, bizitzaren garestitzearen eta trantsizioaren gaietatik pasaz. Parte hartze handia egon da hitzaldi guztietan: sumatzen da kezka eta beharra dagoela.

Euskal Herriko trantsizioaren eta bizitzaren garestitzearen hitzaldietan eztabaida biziak egon dira, jendarteko interes ezberdinen tentsio puntuak izaten direlako, eta jendeari beren bizitzetan ukitzen dieten gaiak direlako. Baina hauek, energia edo lanarena, jendartearenak diren eztabaida estrategikoak dira, eta ekologismoa ausartzen ari da eztabaida konplexu horiek mahai gainean jartzen.

Bestalde, ekotopaketa hauek ere inflexio puntu bat izan daitezke gazte belaunaldiak erakartzea lortu delako (eta hego Euskal Herrian ez da belaunaldi aldaketarik eman ekologismoan): gazte pila hurbildu da (toki gutxitan ikusten da horrelako belaunaldi nahastea, intergenerazionalitatea: esperientzia gehieneko ekologistak gaztetxoekin eztabaidan). Zorionez, emakume asko ere urreratu da.

Badirudi badagoela indarra, kezka eta beharra hego Euskal Herrian ekologismoa beste maila batera eramateko: olatu berde berri bat. Asanbladan dinamika edo kanpaina batekin hastearen ideiak harrera ona izan du: udazken honetatik aurrera datorren balizko krisi egoera horretan justizia soziala eta klimaren eta Lurraren defentsa uztartuko dituen fronte bateratu bat Euskal Herriko puntu ezberdinetan artikulatzen joango dena, eragile ezberdinetako eta bestelako ahalik eta jende gehien hurbiltzeko asmoz eta bide horretan denak ezagutzen joanez. Kontrahegemonia ekologista.

Finean, ekotopaketa hauen helburua bete da: 1. krisi ekosoziala erdigunean jarri dugu asteburu batez; 2. elkar ezagutu eta saretu gara; 3. jende berria erakarri dugu (470etik 350 pertsona ez daude gaur egun ezta talde ekologista batean); 4. tresna ekologista berri baten beharraz eztabaidatu dugu eta gure diagnosia berretsi da (tresnaren beharra dagoela); 5. badugu norabide bat energia guzti hau kanalizatzeko: dinamika batekin hasiko gara".

Laburpen honekin batera, PortugaletekoEkotopaketen ekitaldi amaieran egindako irakurketa ere luzatzen dizuegu: 

JUAN:
"Azken krisia deitu diogu hau ez delako aurrekoak bezalakoa; baizik eta bizimodu baten agortzearen aurrean audelako; izan dadila zerbait justu eta ederragoaren hastapena. Konturatu gabe ere, egunerokoan erreproduzitzen dugu biosferaren eta pertsonen esplotazioa: auzi estrukturala eta kulturala da. Hegemonia kapitalista ekozida batean bizi gara: ekoizpena eta kontsumismoa gero eta bizkorragoan –batez ere iparraldean– hegoaldearen eta emakumeen bizkar, aberatsak aberatsago egiteko.

Aspaldi ohartarazi ziguten hazkunde mugagabearekin jarraituz gero, ekonomia horrek eta biosferak talka egingo dutela. Talka horrek energia iturrien agortzearen, hondamendi klimatikoaren, edo eta izurriteen forma hartzen ari da. Baita etxe kaleratzeena ere, langabeziarena, gehiengoaren prekarizazioaren eta osasun fisiko-mentalaren bizkar. Ez da klima krisi hutsa, ezta krisi ekonomiko hutsa ere; krisi ekosoziala da.

ALAITZ:
Hitz egin dugu estraktibismoaz eta justizia klimatikoaz, energia iturrien krisiaz eta egunerokoan krisi ekonomikoak ekarriko dizkigun arazoez, bizitza bizigarriaz feminismoen eta gazteen ikuspuntuetatik, azpiegitura erraldoiez eta trantsizio ekologikoaz, klimaz eta bioaniztasunaz. Eta elkar ezagutu dugu, orain arte mugimendu ekologistan ibili gabeko asko eta asko horretan jarduteko gogoa azaldu duzue. Erronkak handiak ditugu ez baita erraza izango jende xehearen eta langileen ongizatea eta trantsizio ekologiko justu bat uztartzea".

ANE:
Esan ohi den bezala, “arazo handiei, irtenbide handiak”; irtenbide sortzaile, irudimentsu, sendo eta eraginkorrak sustatzeko erabakita gaude. Hautsiko dugu malefizioa: «Ekologikoki beharrezkoa dena politikoki ezinezkoa dela» dioena, alegia. Politikoki errealista eta eraginkorra den bakarra Lurraren ikarei zentzuz erantzutea da.

Jarraituko dugu Lurraren defentsa eta justizia soziala elkartuko duen Euskal Herri mailako olatu ekologista berri bat bultzatzen eta gauzatzen. Hori da gure erronka, gure eginbeharra: bizitza duinak gaur eta bihar. Garaia da!