Osorik nahi dugu Erdiz!


(Argazkia: Foku) 





Urriaren 12an, festa egun gisa baino aldarrikapen egun handitzat gogoratuko da Baztanen. Izan ere, Erdizen defentsan eta meategiaren proiektuaren aurka burutu zen manifestazioan bi mila herritar inguru bildu ziren, manifestazioan zehar, puntu ezberdinetan egindako zenbaketa zorrotzak adierazten duenez.

Ez da ez kopuru makala! Herritarrak mintzo daitezen eta erabaki dezaten galerazi nahi dutenek erantzun bikaina jaso zuten atzokoan, eta harrobiaren egitasmoa mahai gainera ekarri duen Magna enpresak zer pentsaturik izango du aurrerantzean, herritarren hitza zizelkaturik geratu baita, bozkaren bitartez ez bada ere, Elizondoko kaleetan zehar atzokoan ikusi zenez: Erdizko bazkalekua baztandarrena dela, hain zuzen, eta baztandarrei dagokiola horren inguruko kudeaketa.

Antolatzaileek erran zutenez, "herri honek ez du onartuko ez multinazionalen, ez gobernu arrotzen agindurik. Hemen herri duin eta burujabe bat dago bere geroaren jabe dena eta izango dena". Nafarroako Gobernuak lau hilabeteko epea du proiektua UGEP gisa (Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektua) onartzen duen ala ez erabakitzeko. Atzo herritarrek erakutsitako borondatea eta gero, iruzur bat litzateke horrela eginen balu!

Bukatzeko Mikel Altzuart bertsolariak eskainitako bertsoa ekarri nahi dugu gogora: Bi hamarkada luze
ez gero ordu erdiz
ezagutzen den hitza
egin dugu Erdiz
udan haziendak alan
ta neguan erdiz
mendia eta hitza
ebakiak erdiz
baina osorik nahi dugu
baztandarrek Erdiz!!