Badator Euskaraldia euskararen erabilera handitzeko asmoarekin





Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Euskaraldian pate hartzeko bi modu daude: Belarriprest edo Ahobizi moduan. Belarriprestek aldiro erabakitzen du euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek berari euskaraz hitz egitea nahi du, eta horixe eskatzen die modu esplizituan. Ahobiziak, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten du uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten dio kideek ulertzen dutenean.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Ariguneak sortu ziren.

Hirugarren ediziora heldu gara oraingoan. Irailaren 29an zabaldu zen Belarriprest eta Ahobizi gisa Euskaraldian parte hartu nahi duen orok izena emateko aukera; Euskaraldia hasi arte egongo da zabalik epea. Entitateei dagokionez, urriaren 31 arte izango dute ariguneak jakinarazteko epea.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa Euskal Herri osoko milaka belarriprest eta ahobizik, baita taldean ere entitateetan osatu diren ariguneetan.

Baztani dagokionez, ekimena hasi aurretik eta giroa aktibatze aldera, herritarrek euskaraldiko hizkiekin argazki bat atera eta sare sozialetan partekatzeari ekin diote "Euskaraldia Baztan 15 egun 15 herri ekimenarekin bat eginez".

Euskaraldian izena emateko unea da beraz, Baztanen eta Euskal Herrian euskara zabaldu eta indartzekoa.