"Baztandarrak haserre gaude"


 




Atzo, azaroaren 15ean, Baztan osoko herritarrek agerraldia burutu zuten Iruritako frontoian, Erdizeko harrobiaren inguruan egin nahi ziren galdeketak debekatu izanari buruz beren iritzia emateko. Osorik eskaintzen dizuegu irakurritakoa:

"Baztandarrak haserre gaude. Haserre gaude gurea den lurraren etorkizunari buruz ez digutelako erabakitzen utzi nahi, ezta gure iritzia plazaratzen ere eta horrekin aski ez, eta gure herrietako alkateak jazartzen ari dira.

Gure herri lurrak, bertzeak bertze, kudeatzen dituen Baztango ordenantzen gainetik pasatuz, herrietako alkateei herri galdeketa egiteko debekua ailegatu zaie Guardia Zibilaren eskutik. Guretako arrotza den aginte batek, Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkariak, baztandarrek zer egiten ahal dugun eta zer ez erabaki du, Nafarroako eta Baztango gobernu eta administrazioko araudien gainetik.

Debeku horrekin ezin dugu Erdizko meategiari buruzko iritzia eman, ezin dugu gure etorkizuna baldintzatuko duen bertze makro-proiektu honen gain zer pentsatzen dugun erran. Demokrata hauek herritarren iritziaren beldur dira, gure eskubideak zapaldu dituzte bertze behin eta gure antolakuntza politikoa erraustu. Eta haserre gaude.

Magna enpresak Nafarroako politikan duen boterearen erakustaldi bat da azken hau, eskutik doa Navarra Sumarekin eta gobernuko PSNrekin. Argi ikusten da bulego horien ateak beti eta zernahirako irekiak izaten dituztela.

Ez da lehendabiziko aldia gure antolaketa politiko-administratiboaren kontra jotzen dutela, argi utziz poliki-poliki Iruñetik eta Madrildik erabaki nahi dutela gure bizimodua eta gure etorkizuna.

Baztango ordenantzek baimentzen duten galdeketa ez da eginen igandean, Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olavek ireki duen bidearengatik. Parlamentuan ordenantzen zilegitasuna zalantzan paratzen duen galderarekin abiatu du gure kontrako erasoaren mekanismoa.

Herritarren izenean babesa eman nahi diegu gure herrietako alkateei, elkarrekin eta batera joateko egin duten ahalmena balorean utziz. Galdeketak debekatzea “bidegabekeria arras larria" dela salatu dute alkateek eta bat egiten dugu salaketa horrekin.

Hau guzia salatzeko, heldu den igandean, azaroaren 20an, batzarrak deitu dituzte hamalau herrietan. Hauetan parte hartzera deitu nahi ditugu baztandar guziak. Eta modu berean, arratsaldeko 5etan Elizondon eginen den elkarretaratzean gure desadostasuna erakusteko animatu nahi ditugu herritar guziak.

Hori izanen da gure parte hartzea igande honetan. Magnaren borreroek ez gaituzte isilaraziko eta astelehenetik aitzin lanean segituko dugu gure lurraren eta gure antolaketaren defentsan".

Bestalde, eta bukatzeko, Erdizi buruzko galdeketak alde batera uztera behartuak izan ondotik, Xorroxin irratiak Iruritako, Lekarozko eta Elizondoko alkateekin solasaldia burutu du. Jarraian dituzue bertan esandakoak: https://erran.eus/baztan/1668515751248-baztango-instituzioen-eskumenen-aldeko-aldarria-egin-dute-herrietako-alkateek