Klima aldaketaren inguruan merendu-afaria Ameztin



Baztango Talde Ekosozialak jarraian pasatzen dugun mezua igorri digu zabal dezagun eta hala eginen dugu. Lorea Flores, Greenpeaceko arduradunarekin Amezti elkartean eginen den solasaldiaren mamia ere zabaltzea espero dugu hurrengo batean:   

"Azaroaren 6tik 20rat Nazio Batuen Erakundeak Klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia egin du Egipton. Baztango Talde Ekosozialak biltzarreko eztabaida eta ondorioetaz gogoeta egiteko, Lorea Flores Greenpeaceko arduradunarekin merendu-afaria antolatu du Amezti elkartean, azaroaren 29an, 19:00etan.

Klimaren aldaketa mundu mailako erronka handia da, klimaren aldaketak ezagutzen diren giza-antolamenduen biziraupena kinkan utziko baitu. Urteak dira nazioarteko biltzar hauek gaiari buruz mundu mailako hitzordu garrantzitsuak direla, nahiz gero ondorio gutti atera.

Azkeneko biltzarrak herrialde aitzinatuek azpigaratutakoak konpentsatzeko funts baten sortzea ekarri du. Izan ere, orain ezagutzen dugun klimaren aldaketa ez baita berezkoa, hazkunde etengabean oinarritzen den kapitalismo industrialak ekarritakoa baizik. Mundu mailan bidegabeki antolatua.

Baztango Talde Ekosozialak horri buruzko gogoeta egin nahi du, nazioarteko biltzarrak, tokiko ekimenak, erronka globalak, justizia soziala… Horiek denak nola uztartzen ahal diren.

Hitzordua interesa duten guztiendako da, eta mahaiaren bueltan giro goxoan egiteko pentsatua".