Martxoaren 8a: "Anitzak gara, orain askeak"




Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, hurbiltzen ari dela eta, Nafarroako Teknikarien Sareak komunikazio-kanpaina prestatu du. Aurtengo leloa "Anitzak gara, orain askeak”, eta ilustrazioa Cristina Jimenez ilustratzaileak egin du.

Jarraian, Mezuan erantsita aurkituko dituzue, alde batetik, kanpainaren kartel orokorra JPG formatuan (euskaraz eta ele bitan) eta aurten martxoaren 8rako Baztanen egingo diren ekintzen kartela (euskaraz eta ele bitan) eta, bertzalde, atzo osoko bilkuran aho batez onartutako adierazpen instituzionala.

"Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakume guztion aniztasuna eta ikusgaitasuna aldarrikatu nahi ditugu. Emakumeen askatasuna etengabe baldintzatzen dute edertasun eredu femeninoetan oinarritutako genero estereotipoek, gorputzen eta emakumeen aniztasunarekin bat ez datozen arau estetiko batzuk paratzen baitituzte, askotan irrealak eta utopikoak direnak.

Emakumeenganako presio estetikoa sistema patriarkalaren eta kapitalismoaren arteko aliantzaren adibide da. Alde batetik, emakumeei beti gorputz perfektua lortzeko esperoan egoteko eskatzen zaie, beren buruekin etengabeko asegabetasuna sortuz. Bertzalde, helburu horiek lortzeko milioika produktu kontsumitzea bulkatzen da eta horrek negozio handi bat sortzen du emakumeen gorputzen inguruan.

Argaltasunean, perfekzioan eta betiko gaztetasunean oinarritutako gorputz femenino zehatz bat definitzen duten eredu horiek edertasun eredu hegemonikoa betetzen ez duten emakumeak ikusezin bihurtzen dituzte: adineko emakumeak, arrazalizatuak, lodiak, argalegiak, desgaitasuna dutenak, depilatzen ez direnak, burusoilak...

Sare sozialek, publizitateak eta entretenimenduaren industriak mota horretako mezuak zabaltzen dituzte behin eta berriz. Feminitate eredu normatiboa betetzen duten emakumeak bakarrik ikusarazten dira, eta horrekin batera haiek bezalakoak izatea lortzeko milaka produktu sustatzen dira. Gorputzarekin lotutako genero-estereotipoek bazterkeria indartzen dute hainbat esparru sozialetan eta harremanak oztopatzen dituzte, autokontzeptua, osasuna eta autoestima kaltetuz, hau da, emakume eta neska askoren bizitzak kaltetuz. Emakumeak eskuraezina den gorputz baten idealen menpe paratzeko modu bat da, emakumeen bizitza ideal hori lortzeko borroka etengabe bat izan dadin, beren gorputzen, denboraren joanaren eta norberaren aurkako etengabeko borroka bat. Arrakasta sozialak, sexu-afektiboak, lanekoak etab. lotura estua du edertasun kanonak betetzearekin. Presio estetiko hori, halaber, osasun mental eta fisikoko arazo garrantzitsuekin lotuta dago, hala nola elikadura-jokabidearen nahasmenduekin, eta horiek gazteei eragiten diete bereziki. Lodifobia bezalako jokaerek ondorio sozial eta osasun-ondorio arras nabarmenak dituzte gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe haien gorputzak ez direla osasungarriak erraten zaien emakumeengan.

Horregatik martxoaren 8an emakumeen aurkako indarkeria estetikoan eta haren ondorioetan paratu nahi dugu fokua. Inposatzen den edertasun eredu hegemonikoa eskuraezina da eta gorputz eta emakume gehienei balioa kentzen die. Edertasun eredu bakar hori eraldatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, bertze edertasun mota batzuk, askotariko gorputzak, errealitate ezberdinak eta emakume ezberdinak daudela erakusteko. Emakumeen askatasuna beren eskubideetan baitago eta ez haien irudian.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an, toki-erakundeek, HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:

● Tokiko esparruan emakumeen osasun fisikoa eta emozionala eta harreman-osasuna sustatzen duten politika publikoak bulkatzea.

● Genero-estereotipoen inguruan sentsibilizatzea eta edertasun eredu hegemonikoarekiko gogoeta kritikoak sortzea.

● Emakumeen dibertsitatea ikusaraztea eta balioestea.

● Aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana".

Bukatzeko, aurten martxoaren 8rako Baztanen egingo diren ekintzak zehaztuko ditugu: 

Martxoaren 5ean: Helduentzako antzerkia, "Hiru kortse, azukre asko eta brandi gehiegi" komedia, Kamkaz kolektiboaren eskutik, arratsaldeko 18:00etan, Iruritako Gizarte Bilgunean.

Martxoaren 8an: Mugimendu Feministak deituriko mobilizazioa, 19.00etan, Elizondoko plazan, "Antolakuntza feministarik gabe, eraldaketarik ez!" lelopean. 

Martxoaren 9an: Hitzaldia, "Lodofobia eta estetikaren esklabotza", Arizkunenean, 18:30etan, efeminista eta lodi-aktibista den Mijo Lizarzabururen eskutik.

Martxoaren 17an: "Ainarak" dokumentala, Anne Etchegoyen abeslariaren eskutik; bertan, hegoaldeko Pirineoetatik Maulera -abarken industrian lan egitera-, milaka emakume nafar eta aragoarrek, 1870 eta 1940 bitarteko urteetan egindako bidaia kontatzen da.