Badator greba feminista orokorra


Sortuk irakurketa luzatu du azaroaren 30eko greba feminista orokorraren inguruan. Bidenabar, Sortuk gida bat osatu du zaintzaren borroka ildoa nola ulertzen duen jasoz, eta grebari begirako irizpideak eta bestelakoak jorratuz. Irakurteta honen berri eman nahi dizuegu jarraian:  

"Ate joka dugu azaroaren 30eko greba feminista orokorra. Ikasturtea hastearekin batera, zaintzaren borroka ildoaren baitako mugarri ugari izan ditugu, baita grebaren antolaketari loturikoak ere. Tartean, urriaren 7an, herri akordioa aurkeztu dute mugimendu feministak, eta hainbat eragilek eta norbanakok Hernanin. Urriaren 10ean eta 11n, berriz, sindikatuek greba erregistratu dute Nafarroan eta EAEn. Euskal Herriko Neska* Gazteek ere greba eta zaintza jorratu dituzte Usurbilen egindako baterajotze jendetsuan. Halaber, herrietan jadanik martxan dira grebaren antolaketarako asanblada feministak eta greba batzorde mistoak.

Erronka handia dugu parez pare, egungo zaintza eredua aldatzeak sistema bera ere errotik eraldatzea ekarriko baitu. Horregatik, esana dugunez, Sorturentzat estrategikoa da zaintzaren borroka ildoa, eta beraz, baita azaroaren 30eko greba bera ere. Hori kontuan izanik, gida bat osatu dugu zaintzaren borroka ildoa nola ulertzen dugun jasoz, eta grebari begirako irizpideak eta bestelakoak jorratuz. Horrekin batera, herri eta eskualdeetan grebaren kokapenerako ezker abertzaleko komunitateari zuzendutako barne bilkurak egiten ari gara aste hauetan. Hel diezaiogun, bada, erronkari, dagokion indar eta ilusioarekin!

Herri akordioa, zaintza eskubide unibertsalaren alde

Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek eta sindikatuk herri akordio bat ondu dute; besteak beste, zaintzak eskubide unibertsala izan behar duela jaso dute, pertsona orok zaintza eskaintzeko eta jasotzeko dugun eskubidea aldarrikatuz. Urriaren 7an aurkeztu dute, larunbatez, Hernanin; 200 lagun baino gehiago elkartu dira bertan. Halaber, azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako deialdia ere egin dute.

Hain zuzen, grebara eramango dituzten aldarrikapenak jaso dituzte akordioan, epe laburrekoak batzuk, luzekoak beste zenbait. Horien artean daude, esaterako, zaintza sistema publiko-komunitario bat garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, zaintzeko denborak bermatzea, pentsio duinak ziurtatzea eta lanen banaketa sexual eta arrazista bertan behera uztea.

Euskal Herrian, egun, zaintza zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Azken 20 urteetan, instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak. Familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko.

Zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu arrazializatuen gain. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita. Hego Euskal Herrian 182.000 lagunek dihardute etxeko lan ez-ordainduetan, gehienak emakumeak. Egoerarik larriena etxeko langile egoiliarrena da: lautik bat egoera irregularrean dago, 24 orduko lana egiten aste osoan egunik libratu gabe.

Hori guztia aldatzea ezinbestekoa da, egungo sistema bera ere errotik eraldatzeko. Izan ere, zaintza bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa".