U27 GREBA OROKORRA - Baztanen


Goizeko 11:15etako kronika: 
Goizeko zortzietan Arizkungo Ordoki industrialdean hamar lagunez osatutako pikete informatiboa lantegiz lantegi ibili da. Horietako batzuk hertsirik zeuden, bertze batzuk irekirik, eta bertze batzuk piketeak noiz pasatuko zain. Industrialde osoa geldiarazi ez bada ere, grebaren eragina nabarmena izan da. Guardia zibilak eta foruzainak piketeen gibeletik ibili dira.
 Bertzalde, Elizondon 50-60 laguneko pikete informatiboa osatu da, gehienak Lekarozko ikastetxeko ikasleak. Ikasleak ikastetxetik Elizondoko sarrerako merkatalgunerat etorri dira, eta, bertan, guardia zibilen patrolek inguratu eta horietako anitz identifikatu dituzte. Ondotik jende gehiago hurbildu da, eta, berdezkoekin solastatu ondotik, pikete informatiboak egiteko modua adostu da, horrela, Elizondon barna egin den ibilaldi informatiboan 3 patrol uneoro inguruan izan dira.  
Elizondoko denda anitz hertsirik zeuden, horietako anitz piketeak pasatu orduko, bertze batzuk berriz, piketeak pasatzerakoan hertsi dute. Komertzioari dagokionean, greba erabatekoa izan ez bada ere, goizeko inpresioaren arabera gehienek bat egin dutela erran daiteke. Banketxeei ere bisitaldia egin zaie, horietako bakar batek ere hertsi ez badu ere, informazioa banatu da, eta jendeak banketxeak lapurrak! gogotik ohiukatu du. 
Aipagarria da Renaulteko nagusiaren jokamodua, piketeei ez baitie utzi langileengana informazioa ematera joaten. Probokatzailea ere Iturralde farmaziako nagusiaren jarrera, paisanoz eta uniformez jantzitako berdezkoen babesean informazioa ematera hurbildu zaion lagun sindikalistari mehatxu eginez. Jendeak, probokazioan erori gabe komertzianteak informatzeko bere eginkizunean jarraitu du. Betiere, plaza  inguruko lanetan ari diren Mariezkurrena, Ciabar eta udaletxea bera lanean ari dira.
Greba egin duten lantegi guztiei buruzko informazioa osatzeko dago, baina bertzeren artean Giltxaurdi udal igeriluan, Francisco Joaquin Iriarte zahar-etxean, Ikastolan, Xorroxinen… greban daude. Ondoko kronikan, greban dauden lantegien berri zehatzagoa ematen ahaleginduko gara, nahiz, akaso, hobe litzateke eskirolen moduan jokatzen ari diren lantegi, saltoki eta gainerakoen  berri ematea.

Elizondoko pikete informatiboa akituta, jendea Iruñeako manifestaziorat abiatu da. Arratsaldeko 5:30etan, bertzalde, eskualdeko manifestazioa eginen da Beran; Zalaindik hasita.


Iruzkinak