Bildu Baztanen aurkezpena


Baztani bultzada eta norabide berri bat emateko garaia da. Herria egiteko garaia da, beheititik goiti, auzolanean. Etorkizunik gabeko Baztan baten eredua ezagutzen ari gara.  Etxegintzaren krisia, baserrien gainbehera, inposaketa, lagun arteko interes partikularrak defenditzen dituzten instituzioak…Azken lau urtetako balantzea aski ezaguna da baztandarren artean. Horregatik Baztan berritu bat nahi dugu, guztion artean egina: baserritar, langile, langabetu, emakume, etorkin, nagusi…herriak bere osotasunean, elkarlanean eraikitako Baztan nahi dugu. Bizirik dagoen herria gara, martxan dagoen herria, prestatua eta sekulan baino indar gehiagorekin dagoena, bere etorkizunaren arkitektu eta artisau izan nahi duen herria.

Egoera honetan, Bildu Baztanek aldaketarako proposamena aurkezten du, hurrengo puntu hauetan zehazten dena:
- Baztan udaletxe bat eta hamahiru zinegotzi baino anitz gehiago da. Instituzioen berrantolaketa behar da, herritarrek eta herriek eztabaidetan eta erabakietan parte hartu ahal izateko, bai batzarreen bidez baita udaleko batzorde irekien bidez ere. Herrietako alkateei beren herrien benetako ordezkari izateko beharrezko baliabideak eskeini behar zaizkie. Ordenantzen eguneratze prozesuari jarraipena eman behar zaio, aurrekontuak eta Udal Plana Orokorra, hau da, hirigintza, Batzar Nagusiaren oniritziarekin egin behar izateko. Aldi berean, herri galdeketak egiteko araudia idatzi eta garatu behar da.

-Hurrengo hamar urteetako Baztanek izan behar duen hirigintzako garapena antolatuko duen Udal Plan Orokorrak, herri bakoitzaren beharrei erantzun behar dio, horregatik herriz herri egin beharko da. Proiektu espekulatzaileak alde batera utziz eta etxe hutsendako ekintza  plana eginez. Azkenengo plan honetan alokairuzko etxebizitzen kudeaketarako eta etxe zahar eta hutsen zaharberritzeko programak eginen dira. Halaber, udal arkitektuaren egitekoa, lana eta kontratu eredua berreikusiko ditugu. Bertze aldetik, eztabaidagarria diren proiektuetan edo eragin handikoak direnetan,- Erdizko edo antzeko kasuetan- gardentasuna eta informazio zehatza eskuragarri izanen da eztabaida prozesuan, honen ondoren herri galdeketa egiteko. Baztango ondarea defendituko ditugu usurpazio edo salmenta saiakeretatik.

-Krisi garai hauetan ere ahulenak izaten dira zailtasun gehienak izaten dituztenak. Baldintza hauetan Udaleko gizarte laguntzako zerbitzuak indartzeko beharra handitu egiten da. Harrera programa sustatu eta etxez etxeko programaren berrikuspena egin behar da. Enplegu babestuaren programa indartu eta programa berriak hasi behar dira: haurren, gazteen eta familiaren programa beharrezkoa da drogen erabileraren prebentzioa eta sexualitatearen programak garatzeko. Udaleko berdintasun plana abiatzea ere ezinbertzekoa ikusten dugu helburu ditugun parekidetasuna eta berdintasuna lortzeko. Zahar-etxeari dagokionez kudeaketa publikoaren aldeko apostua egiten dugu. Helburu hauek lortzeko gizarte zerbitzuetako batzordea osatuko da udaleko ordezkari eta eragile sozial desberdinekin.

- Nekazal sektoreari bultzada sendoa ematea beharrezkoa da , eta Baztango garapenaren ardatzetako bat izan behar du. Horretarako sektorearen eragile guztiekin osatutako mahai iraunkor bat eratzea proposatzen dugu. Alde batetik mahai honen inguruan sektoreko plan orokor bat eginen litzateke eta bertze aldetik eskualdekoa eta izaera publikoa duen proiektua eginen du Loizu Udal hiltegiarentzat, sektorearen motorra bihurtuz.

-Lanpostuak sortzeari eta jarduera ekonomikoei dagokionez, hasteko, argi eduki behar dugu pilatutako arazoak ez direla bi egunetan konponduko. Hau erranda, Legasan dagoen eskualdeko poligonoaren aldeko apostua egiten dugu, enplegua sortuko duen jarduera produktiboentzat. Lekarozko parke enpresarialari dagokionez salagarria da baztandarrok proiektu honetan parte hartzerik ez izatea. Horregatik, gai honetan Baztango eragileek operazio honen diseinuan parte hartzearen aldeko apostua egiten dugu. Gure aldetik biodibertsitate banku bat egitea proposatzen dugu bere ikerketa arloarekin, hazien, landareen eta bertako azienden hobekuntzarako. Aldi berean, merkaturatzeko eta ustiatzeko aukerak landuko lituzkeena. Bertan eremu industrial bat egokia ikusten dugu nekazaritzako elikagaien transformaziorako, eta bertako produktuen banaketarako.

- Euskarari dagokionez berriki onartutako Euskararen Udal Ordenantzaren garapenaren aldeko apostua egiten dugu. Hortik hasita Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko bidea abiatu. Kultura arloan elkarte guztientzat irekia egonen den Udal batzorde bat proposatzen dugu. 

Ez dira garai errazak. Krisi ekonomikoak, ingurugirokoak, energiaren krisiak eta krisi sozialak markatutako garaiak dira. Krisiaren faktura langileok eta herritarrak ordaintzea nahi dute, erreforma etengabeen bitartez eta langabezi gehiagorekin; beraiek etekin gero eta gehiago ateratzen dituzten bitartean eta gure lurra suntsitzen duten bitartean. Elkartzeko garaia da, oraina eta geroa modu desberdinean eraikitzeko garaia da. Bilduren garaia da. 

Euskal Herrian aldaketa politikorako garaia da. Marko demokratikorako bide berria eraikitzen ari garen garaia da gure etorkizunaren jabe izateko. Irtenbidea bilatu eta gatazka gainditzeko garaia da. Mota guztietako sufrimenduak iragana bihurtuko diren garaia da. Demokraziaren eta bakearen garaia da; Bilduren garaia da. 

Herria egiteko garaia da, auzolaneko garaia, indarrak batzeko garaia. Langileen eta baserritarren, emakumeen eta langabetuen, etorkinen, gazteen, eta nagusien garaia da. Baztango sensibilitate aurrerakoi, ezkertiar eta abertzaleen garaia da. Bilduren garaia da.