BAZTANGO HERRIRA MUGIMENDUAREN PRENTSA AGERRALDIA


Presoen eskubideen aldarrikapenaren harirat, Baztango Herrira mugimenduak bere eskaerak egin ditu Elizondoko plazan egin duen agerraldian, maiatzaren 19rako eginen den ekitaldirat deitzearekin batean.
Hauxe da irakurri dutena hitzez-hitz:
Urtarrilaren 7an milaka herritarren babesa eta parte-hartzea izan zuen Bilbon egin zen herri-mobilizazio orokorrak. Euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerek Bilboko baleak hartu zituzten, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio historikoan. Ordutik hona, alderdi politiko askok presoen auziarekiko jarrera berriak hartu dituzte. Hori guztia kokatuan hartuz, begi bistakoa da egungo kartzela-politikak ez duela sostengu politiko eta sozialik.

Alabaina, gobernuek ez dute pausorik eman eta kartzela politika ez da aldatu. Presoen gaia eguneroko mintzagai bada ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek iraganeko jokabideari eusten diote garai berri honetan.
Euskal Gizartearen gehiengoaren esperantza, ordea, egiazko eta bidezko soluzioetara dago bederatuta. Gatazka betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera ere konpontzea.
Horrela bada, garrantzitsua da herritarrok batuta ekitea, espetxeetako giltzak dituztenak jarrera aldatzera bultzatzeko.
Presoen giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu:
  • Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea.
  • Espainiar estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea. “De facto” aplikatzen den bizi osorako espetxe zigorra bertan behera uztea.
  • Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunari bide emanez.
  • Zigorren 2/3 eta ¾ bete dituzten presoak kaleratzea.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten pesoak egoki zaintzeko beharrezko neurriak hartzea. Presoen osasun eskubidea bermatzea.
  • Frantziar eta Espainiar estatuek darabilten espetxe-politika egokitzea, hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko.
Zentzu honetan Joxe Miel Gaztelu, Elizondoko Preso Politikoa lehen bai lehen Euskal Herriratzea; eta IƱaki Erro, Elizondarra, Almerian, gaixo dagoen eta kondena beteta duen Preso Politikoa “De facto” askatzea eskatzen dugu.
Honengatik guztiagatik, Baztango Herrira mugimendutik, maiatzaren 19an, Elizondoko plazan goizeko 11,30etatik aitzin izanen diren aldarrikapen hauekin batzeko gonbidapena zabaltzen diegu herritar guziei.